Pernando Amezketarra sariketa

Hernani, Pernando Amezketarra sariketako bigarren finalista

Ostiralean izan zen I. Pernando Amezketarra Sariketaren bigarren finalaurrekoa. Berastegiko Gaztetxean 50 lagun inguru bildu ginen guztira. Bigarren finalaurrekoan Hernani eta Goierri ziren nor baino nor.

Eli Pagola, Oier Iurramendi eta Arnaitz Lasarte hernaniarrak; eta aldiz goierritarrak, Amaia Iturriotz, Odei Lopez eta Gorka Maiz.

Pernando Amezketarraren marrazki bizidunetako hasierako bertsoak entzun bezalaxe igo zen Amaia Agirre bertako oholtzara hasierako argibideak ematera, eta horren ostean, bertsolarien agurraren txanda heldu zen. Sariketa honetan agurrek ere puntuatzen dute.

Goierritarrak izan ziren lehenengoak agurra kantatzen, eta nahikoa modu sinplean beraien buruak eta aurkariak aurkeztu zituzten. Jarraian, Hernanikoen txanda zen. Hauek, berastegiarrek 2007ko Pazko Egunez Hernanin lapurtu zuten ahuntzaren inguruko istorioa ekarri zuten gogora eta entzuleen artean izan ziren barre-algarak.

Agurren ostean puntu progresiboen ariketa izan zen. Goierritarrek txikitan sokasaltoan zenbat urterekin ezkontzea ateratzen zitzaien izan zuten gaia eta hernaniarrek berriz, nolako erretiroa espero duten: Oierrek eta Odeik ez zirela oso abilak kantatu zuten. Aldiz, Amaiak 4 puntuko bertsoan 100dik gora egiten zituela kantatu zuen eta bigarren bertsoan berriz, 7 puntukoan umoretik hausnarketarako bidea ireki zuen: “baina ni ja ez nago/ horrekin ze suma,/ ezkondu nahi zuna/ orain hain hurruna,/ lehen galdera zen orain/ badu erantzuna”. Hernaniarrek ere saio txukuna osatu zuten: “ni desbrozadorakin/ belar pixkat mozten” bota zuen Arnaitzek, “ikusiz azken aldin/ damaragun martxa,/ hirurok Berastegin/ arratsalde pasa” Elik eta Oierrek berriz, dirua koltxoi azpian sartuko duela kantatu zuen.

Jarraian, zortziko txikiaren txanda heldu zen. Odei eta Oier Arcelor Mittaleko langilearen 10-12 urteko semeak dira eta entzun berri dute agian Asturiasera joango direla bizitzera. Odeik hirugarren bertsoa honela amaitu zuen: “hobe genuke orain/ gelatik atera,/ ta goazen amari/ muxu ematera”. Eli eta Amaia ere zortziko txikian jardun ziren, Irurako Ikastolaren aldeko rallyko auto bateko pilotua eta kopilotua dira. Aurretik nor eramango eztabaidatzen aritu ziren.

Zortziko txikiaren ostean, 9 puntukoaren txanda heldu zen. Ariketak duen zailtasun maila kontutan izanda, ongi aritu ziren Gorka eta Arnaitz.

Segidan kartzelako lanari ekin zioten, koplei hain zuzen. Gaiak honela zioen: “zuek hirurok ez zaudete batere gustura daramazuen bizimoduarekin. Aldaketa behar duzuela eta, bat apaiz sartzeko prest, bestea baietz esaten dion guztiekin joateko prest eta hirugarrena berriz, ardi batzuekin Berastegira”. Hernaniarrena ez zen saio txukuna, doinuarekin ere nahikoa lan izan zuten eta. Goierritarrak hobeto aritu ziren, halere kopletan ez genuen nahi beste gozatu.

Hurrena, 10eko txikiaren, puntu-erantzunen eta bakarkako lanen txanda heldu zen. Gorka eta Oier ziren 10eko txikian. Bikotea eta biek pisuarekin arazoak, batek ezin pisurik hartu, besteak ezin galdu. Puntu erantzunetan Odei eta Arnaitz jardun ziren, sagardoa gora eta behera. Bakarka aldiz, bi neskak. Eli eta Amaia. Elik bere 10 urteko umearen saskibaloi partidutik lotsatuta atera da. alabak epailearekin duen jarrera txarraz kantatu du eta amaieran “lan ona egin zuen/ bere alabakin,/ ta ni bezain jatorra/ bilakatu dadin,/ gehiago utziko det/ bere amonakin” kantatu zuen. Amaiak berriz, espetxeko batekin hasitako gutun trukaketak sentimenduak eragin dizkio eta ez daki orain nola jokatu. Presoek gizartean duten oihartzuna dela eta bigarren bertsoa honela amaitu zuen “eta ez dakit pizten/ didan hark barrena,/ edo egoera den/ berotzen nauena”.

Amaitzeko puntutan jardun ziren bi taldeak. Epaileek, Zigor Leundak eta Beñat Iguaranek, eta publikoak hala erabakita, Hernani izango da datorren apirilaren 30ean Amezketako Behartzana jatetxean ospatuko den finalean kantatuko duen bigarren taldea, Erniarraitzkoarekin batera.

Berastegiko saioko bertsoaldiak entzun nahi dituenak, aukera izango du datorren igandean 24, 14:00etan Ataria Irratian eta asteazkenean 27, 20:00etan. Eta finalerako sarrerak salgai 22€tan Behartzana jatetxean edo 695762843 telefonora deituta.

Imanol Artola 'Felix'

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!