Iturriondo jatetxeko jangelan 60 lagun inguru elkartu ziren afaltzen, eta saioa entzutera beste dozena bat bertsozale ere inguratu ziren.
Harituz bertsozale taldeak lehen aldiz antolatu duen sariketa honek badu berezitasun bat. Bertsolariek egin beharreko ariketa guztiak neurri txikiko doinuetan egin behar izaten dira eta agurrak taldeka etxetik prestatuta ekarri behar izaten dituzte. Saioa hasteko beraz, talde bakoitzak prestatuta ekarritako agurrak abestu zituzten. Erniarraizko taldea izan zen agurra kantatzen aurrena, eta trikitixaz lagunduta agur bizi eta umoretsua osatu zuten. Oñatiarrek aldiz, ez zuten publikoarengana iristea lortu, euren agurra sakonagoa zelako, agian.
Lan puntuagarriekin hasteko bi taldeek ariketa progresibo bana egin behar izan zuten. Gai baten inguruan 2, 4, 6, 8, 10, 12 eta 14 puntuko doinuetan bertso bana kantatu behar izan zuen talde bakoitzak. Bigarren ariketa zortziko txikiko ofizioa izan zen. Ofizioa osatzeko gaia ordea, serioa zen eta beraz, ohituta ez gauden moduko 8ko txikiko ofizio bat entzun genuen. Gaia honako hau izan zen: Zuek biok, afalostean, ETBko albistegiei begira zaudete eta lehen hogei minututan Hego Euskal Herriaz eta Espainiaz soilik hitz egin da. Ez da ipar Euskal Herria edo Frantzia aipatu ere egin. Aitor Salegik eta Maider Arregik ofizio bikaina osatu zuten.
Jarraian 8ko txikiko bigarren ofizioa iritsi zen, hau gai umoretsu baten inguruan egin beharrekoa. Haritz Garmendia Euskal Herriko Itzulian lehiatzen ari zen txirrindularia zen eta Andoni Goitia taldeko mekanikariari bosgarren aldiz joan zitzaion bizikleta konpontzeko eskatuz. Ofizio bizia eta umoretsua osatu zuten biek, eta entzuleen artean giroa berotzeko balio izan zuen. Ondoren 9 puntuko bertsoen txanda iritsi zen. Talde bakoitzak hiru bertso abestu behar izan zituen 9 puntukoan. Lehenengoa, errimak emanda, bigarrena, bukaera emanda eta azkena, puntu erdika. Ariketa honen zailtasuna kontuan hartuta, bertso onak kantatu zituztela esan beharra dago eta publikoak asko eskertu zuela bertsolariek zailtasun horretako ariketa egin izana.
Kartzelako ariketa izan zen ondoren egin zutena. Kartzelako ariketan talde bakoitzak gai baten inguruan hamabi kopla kantatu behar izan zituen eta ariketa honetan Erniarraitzko taldeak saio eder bat eginez, publikoa poltsikoratzea lortu zuen. Oñatiarrek aldiz, ez zuten gaiari heltzerako orduan asmatu eta ez zuten publikoarengana iristea lortu.
Kartzelako lanaren ondoren, 10eko txikiko ofizio bat, bakarkakoak eta puntukako saioak iritsi ziren. Lan hauen artean azpimarratzekoena Maider Arregiren bakarkakoa izan zen. Senarra hil berri zitzaion bere bizilaguna, senarraren arropak balkoian zintzilikatzen ikusi zuen. Bertso bikainak kantatu zituen Arregik.
Saioa bukatzeko bertsolariek agur bana abestu zuten eta jarraian Jon Beloki gai jartzaileak epaileen eta publikoaren epaiaren berri eman zuen. Erniarraitz izan zen talde irabazlea eta apirilaren 30ean Amezketan jokatuko den finalean izango dira. Euren aurkaria datorren ostiralean Berastegin izango den kanporaketatik aterako da. Hernani eta Goierriko taldeek kantatuko dute bertan.