gutuna

Hau bai ez nuela espero

Erabiltzailearen aurpegia Aitzol Arozena Zufiria

Ez naute harritu EH Bilduk Tolosako Alkatetzan egindako gauza askok. Ez nau harritu oposizioan gauza batzuk esan eta Alkatetzatik ezer gutxi egin izanak edo egingo zutela esaten zuten hura egin ez, eta kontrakoa egin izanak.

Adibide asko daude: udal kirol instalazioen kudeaketa publiko zuzena aldarrikatzetik, auzitan jartzen zuten aurreko kudeaketa eredura itzultzea. Alde Zaharraren kasuan, trapu gorrien «iraultza»-rekin lerrokatzetik, proiektu esanguratsurik gauzatu ez izatera. Tolosa CFk Berazubiko belar naturalaren ordez belar artifiziala jartzeko egindako eskaera urte luzez kaxoi batean gordetzetik, legegintzaldiko azken minutuan Berazubiko estadioaren eraldaketa integrala proposatzera, belarraren artifizializazioa barne. Tolosaldeko Ospitale Publiko berriaren kasuan berdin: hamabost urtez Asuncion Klinikak eskainitako zerbitzua kritikatzetik, ospitale berriaz ahaztu eta Klinikaren publifikazioa aldarrikatzera. Eta Zubi Berria, hura babestu ahal izateko eraistearen aurka azaltzetik, haren ordezkapena defendatzera.

Hori guztia espero nuen, baina Intxaurrondokoa... Hori ez! Errealitateak fikzioa gainditzen du. Hainbeste urtez ezker abertzaleari Guardia Zibila Euskaditik ateratzeko eskatzen entzun ondoren, hainbeste atentatu eta torturengatik hainbeste sufrimendu jasan ondoren, orain EH Bilduk gobernatzen dituen udaletako udaltzainak dira Intxaurrondoko kuartelera prestakuntza jasotzera eta tiro praktikak egitera joaten direnak. Kontraesan politiko batzuk azaltzea zaila izaten da, baina honek kapitulu propio bat merezi du.

Hori bezain larriak dira alkatearen aitzakiak. Kontua da erabaki «teknikoak» baino ez zirela izan, prestakuntza «teorikoa» baino ez zela izan eta alkateak ez zuela ezer jakin: Tolosak 200 udaltzain izango balitu bezala!

Aurreko batean ere esan nuen: ez adarrik jo! Imajinatzen duzue alkatetza beste alderdi baten esku egon balitz, izango genukeen erantzuna? Nik bai. Zenbat kartel, pankarta, elkarretaratze eta escrache jasan beharko genituzke?

Euskadik badu polizia integral bat, Ertzaintza, eta formazio akademia propio bat, Arkauti, gure polizien prestakuntzarako erreferentzia dena. Gure autogobernuaren eta gure euskal segurtasun-ereduaren funtsezko erakundeak dira.

EH Bilduk eta bere alkateek azalpen asko dituzte emateke. Hainbeste urteren ondoren, ezker abertzaleak gobernatutako udaletako udaltzainak Intxaurrondon formatzera bidali dituztela jakiteak ironia historiko bat dirudi. Hori bai ez nuela espero.


                                                              Aitzol Arozena Zufiria (Tolosako EAJko alderdikidea)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!