Ez dut gogoan aurreko legegintzaldian grebara deitzen dutenen haserrea, Tolosak EAJ-PNVko alkate bat zuela, EH Bilduk Amarotzen alokairu sozialera bideratutako 192 etxebizitza babestu sustatzeko lehen urratsen alde egin ez zuenean. Etxebizitza horien eraikuntza Eusko Jaurlaritzako VISESA etxebizitza sozietate publikoak gidatzen du.
Gaur, aldiz, etxebizitza eskuragarria izateko eskubidea erreklamatu behar da. Ez dut irakurri, ezta entzun ere, legegintzaldi honetan inolako zalantza publikorik gaur lanuzte eta aldarrikapen egun hau deitzen dutenen aldetik beste gai baten inguruan: San Esteban auzoan 900 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko lukeen hirigintza-antolamendu bat babestu beharrean, EH Bilduk dentsitate txikiko hirigintza-garapena bultzatzen du bertan; larrialdi egoera honek eskatzen duen anbiziorik gabe. Bide batez, gogoratu beharra dago, eremu horretan, lurzoruen erdiak baino gehiago udal-jabetza publikokoak direla, eta etxebizitza babestuak % 70etik % 60ra jaistea proposatzen ari direla.
Gaur, ordea, gazteei beren bizi-proiektuak garatzeko aukera emango dien teilatua izateko eskubidea exijitu behar da. Ez dut gogoratzen legealdi honetan zehar, Ibarraldeko eremuan, San Kosme eta San Damiango 100 etxebizitzen (horietako 40 babestuak) sustapenean izandako atzerapenei buruzko azalpen publikorik eskatu izana. Lehen faseko etxebizitzak eraikitzeko lizentzia 2022ko urrian eman zen, duela 4 urte baino gehiago; etxebizitzen eraikuntza oraindik ez da aktibatu.
Gaur, aldiz, etxebizitza aldarrikapen sozial guztien erdigunean jartzea tokatzen da. Ez datorkit gogora gaur deialdia egin duten erakunde horien partetik inongo oharpenik, udal ondare higiezinaren zati handi bat (ikus Arkaute eraikina, Iurreamendi egoitzara sartzeko hiribildua, Xebendenea etxea, adibide batzuk bakarrik aipatzearren) hutsik edo hormatua, etorkizunik gabe, proiekturik gabe egoteari buruz. Gaur, ezin bestela izan, tokatzen da tokatzen dena, alegia, herri honetan dauden arazo guztien erantzukizuna, gehienetan bezala, leku berean topatzen saiatzea; baita etxebizitzarekin ditugun arazoak ere.
P.D.: Memoria ariketa bat: Tolosan inoiz egin den etxebizitza sozial eta babestuaren aldeko apustu handiena Larramendi auzo zaharraren eraldaketarekin gertatu zen, eta EAJ-PNVko alkate baten eskutik etorri zen. Jasota gera bedi nire esker ona garai hartan egindako apustu eta lan harengatik.
Xarles Iturbe, Tolosako EAJko zinegotzia