A11 Greba Orokorra

Azaroak 11 greba orokorra

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Lizarralde, Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea

Bizi ditugun garaietan soberan daude arrazoiak langile klasea altxatu eta borrokan jartzeko, eta, zalantzarik gabe, etxebizitzarena da horietako motibo bat.

Euskal Herrian batez beste hiru etxegabetze gertatzen dira egunean, urtez urte gero eta jende gehiago dago kale egoeran, independizatzeko aukerak hutsalak dira gazte askorentzat, langileon pobretzearen arrazoi nagusietako bat bihurtu da etxebizitzaren gastua... Bien bitartean, espekulatzaileek, eraikuntza enpresek, bankuek edota mota askotako errentari parasitoek negozioa egin dezaten onartzen da sistema honetan, alderdi politiko guztien babesarekin.

Greba orokorra eta Espainiako hauteskunde kanpaina nahasten diren une honetan, garbi esatea dagokigu: kapitalismoarekin amaitu ezean, ez da etxebizitzaren negozioak sortzen dizkigun arazorik konponduko. Askok, berriz, galdetuko dute: eta bitartean zer? Nik erantzungo nieke: norabidea ondo markatu eta indarrak biltzen joan. Izan ere, etxebizitzaren arazoa mantentzen duten berberek saldu nahi digute soluzioa. Baina ikusten ari gara emaitza zein den: langileon miseria kudeatzeko adabaki penagarri batzuk jartzea esku batekin; eta etxegabetzeekin, prezioen garestitzearekin... alegia, negozioarekin jarraitzea beste eskuarekin. Horregatik, alderdi politikoek eskaintzen digutenaz aparte beste alternatiba bat eraiki daitekeela aldarrikatzera gatoz, langile-klasearen antolakuntzaz desberdintasun ekonomiko guztiei amaiera emango dien estatu sozialista batean jarriko duena ortzimuga. Eta norabide horretan, egunez egun, urte osoan zehar, etxegabetzeen aurka, bizitzaren garestitzearen aurka, klase-elkartasunaren alde zein eskubide politikoen defentsan antolatuko den alternatiba bat eraikitzea dagokigu.

Azaroaren 11n borroka egun garrantzitsu bat dugu. Grebara goaz, gutxi batzuk etengabe aberasten diren bitartean gehiengo zabal bati eskaintzen dizkioten ogi-apurrekin ez gaudelako ados. Grebara goaz, gainera datorkigun miseriari aurre egingo dion klase antolakuntza indartzeko. Grebara goaz espekulatzaileak desjabetu behar direla, espekulazioa debekatu behar dela eta etxebizitza gizartearen beharren arabera planifikatu behar dela aldarrikatzeko. Batu gaitezen greba asanbladetan, mobilizazioetan eta etxebizitza sindikatu sozialistetan. Ez gara gutxi, baina askoz ere gehiago izan behar dugu.

Jon Ander Lizarralde, Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!