Euskal Herrian, bozeramaile politiko horrek izen argia du: EAJ. Euskal eta espainiar kapital handiaren interesekin estuki loturiko alderdia da, 78ko espainiar erregimenaren funtsezko pieza, frankismotik oinordetzan jasotako Estatuaren aparatua inoiz ukitu nahi izan ez zuena, ezker abertzalearen aurkako errepresioan hamaika aldiz lagundu izan duena, eta langileen borroken, protesta sozialaren eta gazteria antifaxistaren aurkako poliziaren basakeriara jotzeagatik nabarmentzen dena.
Horrelako alderdi bat, eskuin muturraren aurkako borrokan edo Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokan aliatua izan al daiteke? Argi baino argiago ikus daiteke ezetz bere jokabide arrazista eta klasistan besteak beste, Donostian afari solidarioak debekatu eta pertsona zaurgarrienei lagundu nahi dietenak jazartzen dituenean. Baita euskara hainbat arlotan jasaten ari den eraso gogorrekin duen konplizitatean ere.
Auzia zehatza da: EAJ ez da langile klasearen eta euskal gazteriaren aliatu bat, bere etsairik garrantzitsuena baizik, eta bere buruzagiek ez dute zalantzarik izango PP eta Voxekin eginiko itunei ateak irekitzeko, euren klaseko interesek hala eskatzen badute.
Esperientzia historikotik abiatu behar dugu eskuin muturraren aurkako estrategia eraginkorra taxutu nahi badugu. Geure indarretan baino ezin gara oinarritu, eta horrek faxismoaren aurkako fronte bateratua altxatzeko beharrera garamatza, non langile mugimenduak eta haren aurka egunero borrokatzen den gazteriak funtsezko papera jokatuko duen.
Klaseko independentzia politika defendatuko duen fronte bateratua kontzientzia sozialista eta gure borrokarako eta antolakuntzarako gaitasuna areagotuko dituen tresna litzake. Martxoaren 17ko greba orokor handiarekin hasitako bidea sakontzera, Global Sumud Flotillako ekintzaileen aurka Loiun izandako kargen ondoren emandako erantzun soziala, euskarazko frogan ikasle pijo haiek jasotako zeroen eskandaluaren aurrean EAJk izandako jarrerak eragindako amorrua...
ELAn, LABen afiliatutako milaka langileak, EH Bilduko milaka militanteak, mugimendu sozialetakoak, feministetakoak, GKSn bildutako milaka gazteak, Mugimendu Sozialista, Ernain... funtsezkoak dira fronte bateratu hau eraikitzeko, belaunaldi beteranoenak eta sozialdemokraziaren politika tamalgarriak irmo arbuiatzen dituen gazteria elkartzeko. Oso arrazoi sendoak daude fronte bateratu hori hezurmamitzeko eta alde batera uzteko politika elektoralistak eta EAJrekiko aliantza estrategikoak, oztopoa baitira etsai komuna kolpatzeko.
Faxismorik gabeko Euskal Herri sozialista benetan konkistatu nahi badugu, erakundeetan parte hartzeak zentzua du klase borrokari bozgorailu boteretsu bat emateko, politika sozialista eta internazionalista kontsekuente bat defendatzeko, eskuin espainolistarekin eta euskal eskuinarekin aurrez aurre jartzeko. Kontua da azaltzea zergatik sistema honek ez duen funtzionatzen eta zergatik ezin den erreformatu, eta ez giza aurpegi bat ematen saiatzea.
Gizartearen eraldaketa sozialistaren alde indarrak batzeko unea da. Hau da Ezker Iraultzailearen proposamena eta eztabaida dezazun gonbidatzen zaitugu erresistentzia antifaxista, klasekoa eta sozialista eraikitzeko helburuarekin.
Manu Odriozola eta Jesus Mari Aranzegi Euskal Herria Sozialista, Ezker Iraultzaileko kideak