Gutuna

Renfe eta Lottu

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Murillo Arizmendi, Alegia

Hilaren 22an autorik gabeko eguna omen zen, eta, horrekin batera, hedabideetan irakurri eta entzun ahal izan genuen Bizkaian Lottu izenpeko lehenengo trena martxan jarriko zela probetan bazen ere.   

Eta berri horrek amorruari eutsi ezin izateak bultzatu nau idatzi hau egin eta bidaltzera. Eta amorrua hori dator C1 aldirietako linearen erabiltzaileok pairatzen dugun egoeratik. Eta egoera hori hasi zen abiadura handiko trenaren lanei ekitearekin batera.

Laburbilduz adierazten saiatuko naiz. EGUNERO arazoak izaten dira trenetan, tren guztietan, Tren gutxiago dago. Bidaiak askoz luzeagoak dira (lehen 35 minutuan egiten zen bidaia orain 50 minutuan egiten da, Alegia eta Donostiaren artean hain zuzen), noski, trena baldin badator, askotan bertan behera gelditzen direlako arazo teknikoengatik edota orden publikoaren arazoengatik...Hori dela eta , aurreko trena hartzera behartuta egoten gara lanera edo ikastera garaiz iritsiko bagara. Baina horrek ez du ezer bermatzen: egun horretan, agian, arazoak aurreko trenak izango baititu. Horrela egunero.

Horretaz gain, trenak motzak dira, bandalizatuak daude, arrastaka iristen dira, jendeak erretzen du (bai erre egiten du), zinpekoek beldurra ematen dute. Euskararen ezagupena ez aipatzeagatik, noski. Bueno, eta tren-aldaketa...

Horren guztiaren ondorioz, C1 lineak, Noticias de Gipuzkoa egunkarian azaldu zenaren arabera, 800.000 bidaiari galdu ditu. Baina, zoritxarrez, batzuok garraio publikoa (Renfe eta Lottu) erabili behar eta nahi dugunez, egoera hori salatu nahi dugu. Gipuzkoan, Euskotren oso ondo ibiltzen omen da: maiztasuna, seriotasuna, geltoki berriak eta egokituak... (Alegiak ez dauka lurrazpiko pasabiderik; egunero bizitza arriskuan jartzen dugu trena hartu eta mugitu ahal izateko, eta, gainera, ez dago egokitua... 2026an. Hori bai, a ze estazioa Donostiakoa!) Guk zergatik dugu zerbitzu hori? Zergatik gara bigarren mailako herritarrak? Horrelakoxeak baikara,, bigarren mailakoak edo hirugarrenekoak.

Egoerak sortutako kexengatik, G007 autobusa martxan jarri zen. Baina, hori ustekabea!! herri txikietan ez zen/ ez da gelditzen: beraz, hirugarren mailako herritar bihurtu ginen/gara. Bestalde, Alegiatik Tolosara joateko dauzkagun autobusen ordutegia trenaren ordutegiarekin bat datorrenez, aukeratu behar izaten dugu eta horrek murrizten du bata ala bestea erabili ahal izatea.

Renfek jakin badaki, eta ,bost axola zaionez, Diputaziori edo Jaurlaritzari ( zorioneko Lottu horren arduradunei) eskatu nahi diet egoerari konponbidea lehenbailehen eman diezaiotela horrek guztiak sekulako estresa eta antsietatea sortzen duelako guregan Autobusak behar ditugu Tolosara joan eta bertan Donostiarako lineak baliatu ahal izateko. Edo hain beharrezkoa den G007ren zerbitzua zabaltzea herri txikitakook gure zereginetara garaiz iritsi ahal izateko.

Aipatutakoak argi uzten du hirugarren mailako herritarrak garela eta askoz garrantzia handiagoa ematen zaiola turismoari, bertakoen bizi-kalitatea bermatzeari baino, Konponbidea zuen esku dago.

Marijo Murillo Arizmendi, Alegia

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!