Azpimarratu behar dugu helikopteroaren erabilpenak saihesten duela pista berrien eraikuntza, eta higadura eta lurzoru galera areagotzea. Beraz, ez du zentzurik Foru Aldundiaren eta mankomunitatearen arteko akordioan adostutako pistak eraikitzeak –Arritzaga, Elutxeta eta Pagabera–.
Bestalde, azkenaldian Aralarren baimena duten ibilgailuak pista guztietan zehar ibil daitezke, lehen ez bezala, eta, gainera, baimena ez da pertsonala baizik eta ustiategikoa. Begi bistakoa denez, neurri horren ondorioz ibilgailuen trafikoa areagotzen ari da, eta dagoeneko, pistetatik kanpo ere berriro badabiltza ibilgailuak, Alotzako gainetan adibidez. Alotzan bertan ez dituzte konpondu hezeguneak babesteko itxiturak eta abelburuak bertara sartzen dira, anfibioen biziraupena arrisku bizian jarriz.
Gainera, ganaduaren mugimendua sustatzeko eta belardiak mantentzeko aska berriak egin dituztenez gero, espero dugu aurrerantzean xehaketa gehiago egin beharrik ez izatea, ganaduak berak abeltzaintzarako eremuetan belardiak mantenduko dituelako. Berriz, Nafar Iturrin aska garbitu badute ere, iturriak edateko urik gabe jarraitzen du.
Azkenik, ikusita klima larrialdia Aralarren ere pairatzen ari dela, eta bero boladek lehorteak eta belar ekoizpen gutxiago dakartzatela, abelburu eta txabola kopurua murriztera jo beharko litzateke lehenbailehen, klima aldaketaren aurreikuspenak kontuan hartuta.
Edurne Huesa Otegi eta Aloña Jauregi Irastorza, Landarlan Ingurumen Elkartea