Hamabost urte baino gehiagoz, Asuncion Klinika eta haren jabea deskalifikatu dituzte, eta zalantzan jarri dute bertan eskaintzen zen osasun-zerbitzua. Mediku homologatuen falta, euskarazko arretan gabezia nabarmenak, baita udako propaganda kanpainak ere, turistei gure eskualdea bisitatzeko eta bertan gaixotzeko arriskuez ohartaraziz. Hemeroteka.
Haren izen ona hankaz gora jarri dute, eta arriskuan jarri dituzte plantilla horretako lanpostuak. Osakidetzak Asuncion Klinikarekin egindako itunak Tolosaldean osasun zerbitzua pribatizatzea zekarrela salatu dute. Hemeroteka.
Ase arte errepikatu dute konponbidea ospitale publiko berri bat zela, Asuncion Klinikatik kanpo. Hemeroteka.
Urte hauetan zehar, dozenaka ekitaldi eta mobilizazio deitu dira aldarri horrekin. Borondate oneko pertsona askok bat egin zuten kezka horrekin, eta pentsatu zuten zentzuzkoa zela Tolosaldeak ere ospitale publiko bat izatea.
2023an, Urkullu lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen zuela Tolosan ospitale publiko berri bat egiteko konpromisoa iragarri zuen. Alberto Martinez Osasun Sailburuak iaz berretsi zuen proiektua, eta 2032. urtea baino lehen hura gauzatzeko egutegia eta aurrekontua zehaztu ditu. Hemeroteka.
Eusko Jaurlaritzak ospitale publiko berri bat eraikiko duela konfirmatzen duen une beretik, dena aldatzen da ezker abertzalearentzat Tolosan eta Tolosaldean. Orain ez dute ospitale publiko berri bat eskatzen. Orain irtenbidea Asuncion Klinikan dagoela esaten dute. Hamaika ikusteko jaioak gara! Memoria eta hemeroteka baditugu ordea, bidean esan den guztia gogorarazteko.
Nolanahi ere, aurreikus zitekeen estrategia bat da, batzuen obsesioa bandera hori, osasunarena, eurena bakarrik izatea baita. Beraz, datorren urteko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak igaro arte, anbiguotasuna. Ez alde, ez aurka, guztiz kontrakoa baizik. Osasun Saileko osasun-teknikariek diseinatutako Ospitale Publiko berriaren proiektua deskalifikatuko dute, zalantza-itzalak zabalduz, egiten ari diren bezala. Hori bai: 2032an Tolosako Ospitale Publiko berria inauguratzen denean, EH Bilduk zera gogoraraziko digu: beti defendatu zutela ospitale publiko berri bat eta ez zutela inoiz prozesua oztopatu. Antzeko adibide mordo bat daude tamalez gure herriaren historian. Denbora denborari. Adarjotze bat gehiago baino ez litzateke izango.
Aitzol Arozena Zufiria, Tolosako EAJko alderdikidea