Azalean, lehenik eta behin, deigarria da ez duela eskualdeko ospitaleaz hitz egiten, Azpiegitura Berriaz baizik, eta, gainera, Tolosaldeko ESIaren etorkizunaz ari garen honetan, dokumentua Donostialdeko ESIak bakarrik egin duela, arrazoia zehaztu gabe.
Nabarmendu nahi dugu AB publikoak eskainiko dituen zerbitzuen multzoa Asuncion Klinikak eskaintzen duena baino txikiagoa dela, hark egiten baititu, zati batean behintzat, eta itunduta, eskualdeko ospitalearen funtzioak, hau da, gutxieneko azpiegitura mota, Tolosaldeko biztanleek hamarkadak daramatzatena eskatzen, publikoa izateko baldintzarekin. Txostenean ez da aipatzen klinikak eskualde horretako osasun-arretaren etorkizunean izango duen zeregina.
Dirudienez, ABak kanpo-kontsulten zerbitzu nahiko osoa eta proba osagarrietarako (erradiologia, adibidez) eta terapeutikoetarako (endoskopiak) eta ospitaleratu gabeko kirurgiarako ebakuntza-geletarako ekipamendua hartuko ditu. Honela dio, hitzez hitz: «Erradiologiako zerbitzu bikain eta oso erabakigarri bat, bai teknologian, bai pertsonetan, azpiegitura berriari balio handiena ematen dion elementuetako bat da». Era berean, AB-a baliabide gehigarri bat izan daiteke Gipuzkoako lurralderako, ospitaleratzerik gabeko kirurgian eta egonaldi ertain/susperraldietako zainketetan.
Ospitalizazioko oheei dagokienez, «akutuei» buruz hitz egiten da, baina dokumentu berak onartzen du gaixo kroniko akutuentzat izango direla (42+ 15 gehiago urtaroko epidemietan dauden premietarako) eta egonaldi ertain-luzekorako 30 ohe; oso beharrezkoak diren arren, zalantzan jartzen dugu etorkizun hurbilean nahikoa ote diren, dokumentuan aipatzen den Eustatek 2036rako duen biztanleria-proiekzioa kontuan hartzen badugu.
Eskualdeko ospitale orokor bat AB hau baina gehiago dela uste dugu, eta bere gabezia batzuk aipatuko ditugu.
Ez da egongo kirurgia-eremuko oherik, ez eta medikurik ere, arazo kronikoak larriagotzen ez dituzten ospitaleratze akutuentzat. Eta hirugarren mailako ospitale batean arreta espezializatua behar ez duten arren, eskuarki ohiko eskualdeko ospitale batean artatzen diren arazoak, orain arte Tolosan egiten den bezala, hala nola prostatako kirurgia, meniskoaren hausturak, gazteen pneumonia batzuk, asma-krisiak, arazo ginekologikoak, apendizitisa, etab., Donostia ospitalean artatuko direnez, senideek ere hara joan beharko dute zaintzarako
Orain arte bezala, pediatriako eta amatasuneko ospitaleratzerik gabe jarraituko du Tolosaldeak.
AB-n ospitaleratutako pertsonak 7 egunez 24 orduz artatzeko (guardiak) barne-medikuntzako espezialistak baino ez dira egongo, oso beharrezkoak noski, baina ez da beste espezialista medikorik edo kirurgikorik egongo. Gipuzkoako gainerako eskualdeetako ESIetan badaude espezialista batzuk aurrez aurrekoak eta besteak lokalizatuak. Ez da aipatzen AB-k Tolosaldeko Lehen Mailako Arretako Unitateekin (LMAU) izango duen harremana edo koordinazioa, eta ez da zehazten etengabeko arreta guneekin (EAG) izango duen koordinazioa.
Txostenean azaltzen diren beste alderdi batzuk ez ditugu aztertuko, hala nola beharren azterketa edo beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak, gure ezagutza gainditzen dutelako.
Laburbilduz, gure ustez, AB ez da eskualdeko ospitale orokorra. Urteetan eskatutakoari ez dio erantzuten. Gipuzkoako gainerako lurraldeetan, eskualdeko ospitale publikoa badute. Zer arrazoi daude ekitate-eza-kroniko honetan jarraitzeko?
Gure ustez, egokiagoa litzateke egungo itunpeko eskualdeko ospitalea publifikatzea. Jakin badakigu herritarrak eta inguruko alkateak ildo beretik doazela.
J.Hernando Aizpuirua eta I. Idarreta Mendiola
Tolosaldearekin lotutako osasungitzako 36 profesionalen izenean