Espezie inbaditzaile horrek kalte larriak eragiten ditu erleen populazioetan, eta horrek zuzenean eragiten dio ezti ekoizpenari, polinizazio zerbitzuari eta, azken batean, gure udalerrietako ekosistemen oreka orokorrari.
Egoera honen aurrean, nabarmendu behar da liztor asiarraren aurkako borrokaren zama nagusia erlezainen gain erori dela orain arte. Urtetik urtera, erlezainak beren baliabide ekonomiko propioak erabiltzen ari dira tranpak eraiki edo erosteko, erakargarriak etengabe aldatzeko eta lanordu ugari eskaintzeko, guzti hori erlauntzak babesteko eta ingurumenari egiten zaion zerbitzua mantentzeko. Jardun hori, ordea, gehienetan babes eta laguntza instituzional egituraturik gabe egiten da.
Gogorarazi nahi da, gainera, udaberriko tranpatzea ez dela neurri bakarra, ezta nahikoa ere. Liztor asiarrari modu eraginkorrean aurre egiteko, beste estrategia osagarri batzuk ezinbestekoak dira: babes sare elektrifikatuak, habia kentze lan koordinatuak (Tolosaldean egiten direnak, besteak beste), eta bestelako tranpa espezifikoak. Neurri horiek guztiek kostu ekonomiko eta pertsonal handia dakarte, gaur egun nagusiki erlezain kolektiboak bere gain hartzen duena.
Hala ere, udalerri guztietan ez dirudi tokiko erlezainen ezagutza, esperientzia eta irizpide teknikoak behar bezala kontuan hartu direnik liztor asiarraren aurkako estrategiak diseinatzerakoan eta ezartzerakoan. Erlezain askok, borondatez eta konpromisoz, urtero lan karga handia hartzen jarraitzen dute beren gain, inolako laguntza egonkorrik edo aitortzarik jaso gabe.
2025 2026 aldian Tolosaldean egindako tranpatze kanpainei dagokienez, bereziki azpimarratu behar da erleen eta liztorren biologia ezagutzen duten profesionalek argi adierazi dutela erabilitako tranpatze mota hori ez dela eraginkorra. Hori horrela izanik ere, eta erlezain kolektiboak udalak aldez aurretik behar bezala informatuta izan arren —tranpatze eraginkorragoen inguruko irizpide eta gomendioekin—, 2026an hainbat udalek estrategia bera errepikatzea erabaki dute, aurreko esperientzietatik eta jasotako informaziotik behar bezala ikasi gabe.
Testuinguru horretan, udalerri bakoitzeko erlezainen lana aitortu eta aktiboki babestea eskatzen da. Horregatik, udal teknikariei eta udal gobernuei zuzenean interpelatzen zaie, tokiko erlezainen ezagutza eta esperientzia kontuan har ditzaten, eta aurrerantzean antolatuko diren ekimen eta planifikazioetan haiekin harreman zuzena, koordinazioa eta elkarlana susta dezaten.
Udalek eskaini dezaketen laguntza hainbat modutan gauzatu daiteke, besteak beste:
- Liztor asiarraren aurkako tranpak eta erakargarriak udalen bitartez eskuratzea, 2026an Tolosaldeko zenbait udalerrik egin duten moduan.
- Erlezaintza jarduera mantentzeagatik laguntza ekonomiko espezifikoak ezartzea.
- Nekazaritza aktiboa duten herritarrei zuzendutako laguntzen antzeko mekanismoak garatzea, Gipuzkoako beste udalerri batzuetan dagoeneko egiten den moduan.
Uste sendoa da neurri horiek ez direla soilik erlezainen lana aitortzeko eta jarduera bera mantentzeko tresnak, baizik eta udalerri bakoitzaren ingurumenaren eta biodibertsitatearen alde egindako inbertsio estrategikoak.
Tolosaldeko erlezainak beren ahalmen guztia jartzen ari dira arazo honi aurre egiteko; hala ere, egungo egoeran, ezinbestekoa da udalen eta gainerako erakunde publikoen babes aktiboa, koordinazioa eta konpromiso argia, liztor asiarraren aurkako borroka benetan eraginkorra, justua eta jasangarria izan dadin.
Eladi Balerdi, Tolosaldeko erlezain talde baten izenean