Bisita horretara Tolosako alkatea eta udal ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere deituak zeuden/geunden. Bisita gertatu aurreko ostiralean, EH Bilduk bisitaren berri izan zuenean, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak ohar bat argitaratu zuen berehala, Osasun Sailari egiteke zituen zereginak gogorarazteko, batez ere Plan Funtzionalaren aurkezpenaren atzerapena; atzerapen hori ez da hiru hilabete baino gehiagokoa izan azkenean. Deigarriena izan zen Tolosako alkateak eta EH Bilduko beste inongo zinegotzik astelehen horretan haien agendetan tarterik ez aurkitzea, aurretiaz komunikabideetan azaldutako kritikak eta eskakizunak aurrez-aurre azaltzeko.
Bisitara EAJko bi zinegotzi eta Tolosako zinegotzi sozialista bakarrik bertaratu ginen. Aste honetan bertan jakin dugu Eusko Jaurlaritzak dagoeneko onartu duela etorkizuneko ospitalearen Plan Funtzionala, eta martxan jarri duela eraikuntza-proiektua idazteko lizitazioa. 110 milioi euro inguruko inbertsioaz eta kronograma argi batez ari gara: obrak 2028an hasi, 2031n obrak amaitu eta 2032an ospitalea martxan jarri. Egutegia, aurrekontua eta konpromisoa.
Horixe zen, hain zuzen ere, lehendakariak eta Osasun Sailburuak bisitara deituta zeudenekin/geundenokin partekatu nahi zuten mezua. Mezu hori lehendakariak berak egin zuen publiko astelehen horretan bertan, tokiko hedabide bati eskainitako elkarrizketa batean. Hori esanda, komeni da Tolosako EH Bilduko Udal Gobernuari gogoraraztea badirela gutxienez bi egiteko udalaren menpe soilik daudenak eta oraindik ere burutu gabe daudenak, eta, era berean, ezinbestekoak direnak lurrak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi ahal izateko eta ospitalea eraiki ahal izateko.
Lehenik eta behin, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala behin-betiko onartzeke dago, eremu hori erabilera sanitariora bideratu ahal izateko. Behin-behineko onarpena 2025eko irailaren amaierakoa da, duela bost hilabete. Hirigintza-izapide hori lehenbailehen burutu beharra dago. Bigarrenik, Tolosako Udalak egiteke du oraindik udal jabetzakoa den lursailarekin mugakide diren bi lurzati pribatu txikiren erosketa, eremu osoa Osasun Sailari laga ahal izateko.
Gai hori EAJko udal taldeak planteatu zuen 2025eko uztaileko ohiko osoko bilkuran, duela zazpi hilabete. Erantzuna hau izan zen: «bai, egingo dugu». Zazpi hilabete geroago, zain jarraitzen dugu. Bi eginkizun horiek Tolosako Udalaren esku daude soilik, eta ez daukate zerikusirik (eta, era berean, ezinbestekoak dira) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ardurapeko zereginekin.
Zilegi da noski gainerakoei konpromisoak betetzeko eskaria luzatzea eta haiek gogoraraztea. Hau horrela izanik, norberaren erantzukizunak aldez aurretik burutzea ere komeni izaten da. Gaur, Tolosako Ospitale Publikoaren proiektuak aurrera darrai, ez da erretorika hutsa, konpromiso zehatzak baitaude: onartutako plangintza bat, zehaztutako inbertsio bat eta ezarritako egutegi bat. Eszeptizismoaren aurrean, ekintzak; zarataren aurrean, ardura. Erakundeen sinesgarritasuna emandako hitza betez eraikitzen delako.