Trantsizio energetikoa?

Erabiltzailearen aurpegia Amasamendi Bizirik 2026ko otsailaren 25a

Amasamendi Bizirik plataformak uste du berriztagarrien ezarpenak ez duela berez trantsizio energetikoa ekarriko. Eredu berberarekin jarraituz gero, esan dute ezer gutxi egingo dela klima aldaketaren aurka.

Azkenaldian, trantsizio energetikoa hitza gehiegi entzuten ari garela deritzogu. Honako hau klima-aldaketarekin lotu ohi da eta jarraian energia berriztagarriekin. Energia berriztagarriak ezartzeak, ez du esan nahi, inondik inora, klima-aldaketari aurre egitea. Argi dugu berriztagarriak ezartzearen beharra dagoela baina eredu berberarekin jarraitzen badugu, ezer gutxi egingo dugu klima-aldaketaren aurka. Esaterako, bizirauteko fauna eta flora ezinbestekoak ditugu eta ezarri nahi izan diren hainbat makro-eolikoen proiektutan ikusi izan da zein kalte lazgarri eragiten dituzten.

Mikel Otero eta Ander Goikoetxearen hitzetan, energia kontrolatzen duenak, etorkizuna kontrolatzen du. Zein etorkizun? Badirudi gure etorkizuna energian oinarritzen dela baina hortik haratago, janik edo edanik ez badugu, argi izan behar dugu jai dugula gure etorkizunarekin. Euskal Herrian ekoizten diren elikagaiak kontsumitzen dugunaren % 10era ere ez dira iristen, baina ikusgai dugu horrek ez duela EH Bildu energiak bezainbeste kezkatzen.

Duela gutxi aurkeztu den Stop Fosilak taldeari dagokionean, harrigarria zaigu adierazi dutena: «Dilema ez da desazkundea ala energia berriztagarriak, biak behar ditugu, energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak hedatu». Nork esan die bada, energia berriztagarriei ezetz? Hemen bakoitzak nahi duena, nahi duen moduan ulertzen du, diskurtsoa, bere erara sortuz. Beren diskurtsoa makillatzen dute energia fosilei «stop» esan eta murrizteak bere garrantzia duela adieraziz, baina fin-finean energiaren sorkuntza bera dute buruan.

Energia elektrikoa ez da heltzen kontsumitzen dugun energiaren % 20ra ere eta adierazten dute Euskal Herriak urgentziaz erantzun behar diela «zenbat?», «non?» eta «nola?» (zentral eoliko eta fotovoltaikoak) galderei. Ez al duzue esan biak batera? Non daude energia ororen kontsumoa murrizteko eman beharreko pausoak? Non geratzen da beste energien (% 80) mendekotasuna alboratzeko trantsizio energetikoa? Ikusten ari garen ereduetan irabaziak esku pribatuetan ari dira geratzen, pribatizazioa bultzatuz eta galerak herritarren eskutan utziz, ondareak eta paisaia suntsituz.

Denborak esango digu Stop Fosilak plataformak zein ibilbide hartzen duen. EH Biziriketik argi adierazten den moduan, berriztagarrien ezarpenak ez du bere baitan trantsizio energetiko bat ekarriko. Momentu honetan Labraza bezalako kasuak ditugu eskuartean eta hor ez da inondik inora fosilak alboratzearen lanketarik egin, interes pribatuak daude erdigunean eta ez landa eremuan bizi diren herritarren interes publikoak. Crowlending-aren bidez, badirudi herritarrei inbertitzeko aukera eman nahi diela baina galdetu al die ea nahi duten? Beraz, bere horretan jarraituko dugu esaten ez ditugula makro-eolikoak Amasamendin nahi.

Bixente Iguaran Telleria, Inma Balda Ciraco, Mari Carmen Torregaray Arruti, Kepa Iguaran Barandiaran, Ane Galartza Etxeberria, Jose Ignacio Mendizabal Ansa, Juan Mari Zendoia Usandizaga, Begoña Lizaso Arribillaga, Lurgi Zendoia Iguaran, Ainara Ansa Irazusta, Gurutze Astiasaran Soto, Josu Jauregi Sarasola, Miren Loreti Lazkano Etxabe eta Amagoia Eskudero Larrañaga.

Amasamendi Bizirik

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!