Pertsona hauek biziraun ahal izateko zituzten pertenentziak kendu zizkieten, berriz ere, baina baldintza okerragoetan, kale gorrian uzteko. Sare sozialetan ospakizunak, Arkaute «garbi» utzi baitute azkenean. Gertaera hauen aurrean, ondorengoa adierazi nahiko genuke:
Alde batetik, garbi utzi behar dugu kale egoeran dauden pertsonei beraien pertenentziak lapurtu, lo egiten duten lekutik kanporatu eta berriz ere kalean uzteak ez duela ezer konpontzen, kontrara, egoera okertu soilik egiten duela. Modu honetan jokatzeak segregazioan, bazterketan eta deshumanizazioan sakontzen du, eta miseriaren ondorio diren jokabideak areagotzeko aukerak zabaltzen ditu. Gainera, ezin dugu ahaztu joan den hilabetean kalean bizi ziren bi pertsona hil zirela Donostian. Horregatik diogu, heriotza hauek ekidin daitezkeela, eta ondorioz, arduradunak dituztela.
Bestetik, kalean bizi diren pertsonak inongo konponbiderik gabe kanporatzea eskatzen dutenak, pobreen eta etorkinen aurka duten gorrotoa demostratzen dute soilik. Eskaera eta mezu hauek, ustezko segurtasun arazoak aitzakiatzat hartuta, sektore zaurgarrienak kriminalizatu eta hauen aurka egiteko baldintza kulturalak jartzen dituzte. Izan ere, hori da erreakzionario hauek betetzen duten papera: kolektibo zapalduenen aurkako neurriak zilegiztatu etxebizitza arazoaren benetako erantzule eta kausak ezkutatuz. Bide honek, faxismoaren ateak zabaltzen ditu.
Azkenik, instituzioek ezintasun nabarmenak dituzte etxebizitza eskubidea bermatzeko, eta gero eta pertsona gehiago aurkitzen dira etxebizitzarik gabe. Gainera, zabaltzen ari den pobreziari eta miseriari errepresioaren bitartez erantzutea modu autoritarioan jokatzea da. Era berean, segurtasun arazoak hauen errora joz konpondu behar dira eta ez errepresioa erabiliz. Hau da, pobreziaren aurka eginez, ez pobreen aurka eginez.
Gure ustez, miseriaren eta pobreziaren gorakadaren aurrean, hauen kausak borrokatu behar dira, ez miseria sufritzen duten pertsonen aurka egin. Horregatik, urgentziazkoa dela uste dugu kapitalismoak sortzen duen miseriari, jarrera erreakzionarioei eta instituzioen autoritarismoranzko biraketari aurre egitea. Aukera paregabea dugu urtarrilaren 31n Bilbon eta Iruñean egingo diren mobilizazioetan horretarako.
Jon Ander Lizarralde eta Irati Azpirotz, Etxebizitza sindikatu sozialistako kidea eta gizarte hezitzailea, hurrenez hurren