Politika zaharra «zubi berri» batentzat

Erabiltzailearen aurpegia Xarles Iturbe, EAJ-PNVko zinegotzia Tolosako Udalean 2026ko urtarrilaren 23a

Uste dut, honezkero, inork ez duela zalantzarik izango Zubiberria ordezkatzeari buruz dugun jarreraren inguruan; funtsean, ez baita aldatu 2023tik, Eusko Jaurlaritzako Ura Agentziako adituen irizpide tekniko eta zientifikoen aurkako eztabaida publikoa elikatzeko eta bultzatzeko saiakera egon zenetik; irizpide horiek gure egin genituelako hasiera-hasieratik.



EH Bilduk, udal hauteskundeen aurreko hilabeteetan (baina baita irabazi ondoren ere), zalantzan jarri zituen Ura Agentziaren tesiak (guk bakarrik defendatu genituen herriaren aurrean), eta Zubiberriaren babesa aldarrikatu zuen, bere ondare izaera eta balio historikoagatik.

 Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak honako hau idatzi zuen X sare sozialeko bere kontuan (lehen Twitter) 2023ko ekainaren 2an, udal hauteskundeak irabazi eta 4 egunera: «Zubiberria ez dela eraitsiko egin da ofizial EAEko buletinean, gure eskariari eta herritarren gehiengoari kasu eginez. Berri pozgarria alde batetik, ondarea babestuko delako eta elkarlanerako etapa berri bat irekitzen delako».


Ulertzen dut, une honetan, proiektuaren kronologiari buruzko kontakizunean gertaeren zati hori alde batera utzi nahi dutenak egotea, baina uste dut bidezkoa dela esatea hauteskundeetara aurkezteko erabili zuten mezua gaur defendatzen dutenaren justu kontrakoa dela. Ez gara gu horren zergatia azaldu behar dugunak; guri memoria ariketa gutxieneko bat egitea besterik ez dagokigu. Gure hipotesia: politika zaharra «zubi berri» batentzat; hau da, egitera gindoazen hori ez egitea, egitera ez gindoazen hura egiten amaitzeko. Hori bai, bidean 3 urte  galduta.

 Eskerrak ematen dizkiogu Eusko Jaurlaritzako Ura Agentziari Tolosarekin erakutsitako konpromisoagatik gure hiribilduko uholde-arriskuak murrizteko eta, ahal den neurrian, etorkizuneko arrisku potentzialak saihesteko; baita tolosarren nahiekin gertuen egon daitekeen irtenbide tekniko eta estetikoa eskaintzeko erakutsitako  malgutasunagatik ere.

Xarles Iturbe, EAJ-PNVko zinegotzia Tolosako Udalean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!