Tamalez, gobernantza deliberatibo horrek, deliberatibotik gutxi eta aldebakartasunetik asko
du. Izan ere, udalak, herrian daukagun aparkalekuen arazo kronikoa baretu nahian, 22 neurri proposatu ditu. Titularretan «konponbideak» ageri diren bitartean, letra txikian gobernantza eredu horren errealitatearekin egin dugu topo.
Proposamenen artean, Izaskungo Aldapari dagokionak piztu ditu alarma gorriak. Udalaren planak «erreserbako neurri» gisa aurkezten duena, errealitatean, Izaskungo Aldapan dauden lokalak eraisteko atea irekitzea baita. Eta puntu honetan, udalaren diskurtsoak talka egiten du, berriro ere, errealitatearekin; udalak «lokal hutsak»
daudela dio Ezpala gaztetxea dagoen tokian. Duela sei urte baino gehiago ehunka gaztek Tolosako gaztetxeko ateak ireki zituztenetik, Ezpala ez da espazio fisiko soil bat; Tolosan eskaintza zabala eman duen arnasgunea da. Udalak «hutsik» dagoela dioen espazio hori, ehunka gazte langileon antolakuntzaz horniturik dagoen espazioa da.
«Lokal huts» deitzea beraz, arduragabekeria dela iruditzen zaigu. Izan ere, aitortza horrek azken urteetan Tolosako Gazte Asanbladatik egin den lana zokoratzen baitu. Asanbladatik udaletxeak garatutako proposamenen aurrean hiru ondorio nagusi identifikatzen ditugu: lehenik, ez da egia bertan lokal hutsak daudela. Horren adibide garbia da Ezpala, jada 6 urte baino gehiagoz ehunka gazte antolatu eta herriari eskaintza zabala eman dion gaztetxea, proposamenean aipatzen den «lokal hutsetako» bat da.
Bigarrenik, udalak Ezpala eraisteko proposamena diseinatu du bertako asanbladako kideekin hitz bakar bat ere egin gabe. Azkenik, neurria «erreserbakoa» izan arren garbi azaltzen du etorkizunean garatzeko atea irekita uzten duela. Aurrekari larria da udalak aurkeztutakoa. Eta guk garbi adierazi nahi dugu Ezpala gaztetxea gaur egun Tolosako gazteentzako espazio garrantzitsu eta beharrezkoa dela. Are gehiago, urteak aurrera egin ahala, toki erreferente bihurtu da gaztetxea, baita beste askorentzat babesgunea ere. Zer esanik ez, zapalkuntzarik gabeko mundu baten alde jarduten dutenen lan militanterako espazioa dela eta baita aisialdi eskaintza, eskaintza kulturala eta formakuntzarako espazio nagusia bilakatu dela Ezpala gaztetxea.
Horregatik, udalari dei egiten diogu proposatutako neurria guztiz alboratu dezan, eta, era berean, Ezpala gaztetxeari merezi duen errespetua eta aitortza eman diezazkion.
Gaztetxea ez da lokal huts bat, Ezpala bizirik!
Maddi Aleman, Tolosako Gazte Asanbladako kidea