Edo hori da bederen, euren aurkezpenean jarri izan duten leloa. Urte luzez errealitatea hori izan da: aurten 8.000 belar-bola inguru egin dira 80 bat baserritan, baita arto eta lur-lanak ere. Hala ere, azken hilebeteotan baserritarron egunerokoan kezka bat sortu dute Belarmendiren jardunari lotutako zenbait erabakik eta hauen kudeaketa eta komunikazio bideek.
Urri amaieran gutun bat iritsi zitzaigun zerbitzu hori erabiltzen dugun baserritarroi. Bertan, azalpen askorik eman gabe, ondorengo hauxe esan ziguten: jakinarazi nahi dizuegu 2026ko urtarrilaren 1ean Belarmendik ez duela jarraituko baserritarrentzako zerbitzuak eskaintzen. Kezka handia sorrarazi zigun jasotako mezuak. Zerbitzu hori erabiltzen dugunon artean egoera asko daude: batzuk badituzte euren makinaria propioak, baina ez dira egin beharreko guztia artatzera iristen; beste batzuk, ez dute inolako makinariarik eta Belarmendiren zerbitzuek baldintzatzen dute haien jarduna; beste batzuek, ordea, ez dute halako makinak behar beste segurtasunez erabiltzeko gaitasunik arrazoi ezberdinengatik (adina, gaitasun fisikoak...).
Bakoitzak bere errealitatetik abiatuta ikusi genuen badugula behar bat Belarmendik eskaintzen duen zerbitzu horrek bizirik jarrai dezan eta zenbait baserritar elkartu egin ginen egoeraren larritasuna aintzat izanik. Haiekin harremanetan jarri ostean, xehetasun gehiago eman dizkigute, baita alternatiba indibidual baten proposamena luzatu ere. Ordea gure sentsazioa da ez dutela ikusten euren jardunik gabe Tolosaldeko lehen sektoreak ezin duela luzaro duintasunez bizirik iraun. Honela, gure kabuz aurrera egitera behartzen gaituzte, inolako elkarrizketa eta alternatibarik gabe. Eta, aldi berean, Belarmendik bizirik jarraituko du, baina bere sorreran azpimarratzen zuten lehen helburua zokoratuta eta gure lan eta bizi-baldintzak erabat birrinduta.
Horregatik, ezinbestekoa da elkarrizketa ireki eta gardena, baserritarren beharrak erdigunean jarriko dituena. Ez dugu soilik makinaria baten erabilera bermatu nahi: gure lanaren duintasuna, gure produktuen kalitatea, eta gure komunitatearen etorkizuna dago jokoan. Belarmendiren erabakiak ez dira soilik zerbitzu tekniko baten gainekoak, eragina pertsonengan islatzen baita zuzenean, eta gizatasunaren printzipioaren kontra doan erabakia dela uste dugu.
Ez dugu onartzen erabaki horiek modu isilean eta azalpenik gabe hartzea. Baserritarron ahotsa entzun behar da, eta gure beharrak kontuan hartu. Horregatik, dei egiten diegu bai Belarmendiri, bai erakunde publikoei, bai gizarte osoari: baserritarren aldeko jarduna indartu behar dugu, ez haren kontra joan daitezkeen neurriak hartu. Elkarlana eta konpromisoa behar ditugu, ez indibidualismoa eta bazterketa.
Belarmendik bere sorreran aldarrikatu zuen helburua berriz ekarri behar dugu mahai gainera: baserritarren lana erraztea eta gure paisaia bizirik mantentzea. Horixe da gure aldarria, eta horixe da gure konpromisoa.
Aitor Mendizabal, Tolosaldea eta Urola Kostako baserritarren izenean