Egun hauetan zehar bizi, entzun eta irakurritakoen ondoren, gogoeta batzuk partekatu nahi nituzke tolosarrekin, uste baitut urriaren 20a mugarri garrantzitsu bat izan zela Tolosako eta eskualdeko osasun-arretaren etorkizunerako:
1. Argi geratu zen Tolosa eta Tolosaldea lehentasun direla Osasun Sailarentzat. Askotariko tolosarrek aspaldian defendatzen duten eskari bati erantzuteko estrategia bat dago zehaztuta jada: Tolosan 2030 urterako Ospitale Publiko bat izatea, hain zuzen.
2. Osasun Sailak trantsizio ordenatu eta baketsu bat nahi du, eta zentzuzko erantzun bat eman nahi die proiektu honek dakartzan askotariko ondorioei.
3. Behingoz eztabaida luze bati amaiera emateko gertuen egon gaitezkeen unean, hainbat sektoretan erresistentziak areagotzen ari direla dirudi.
4. TOPIC bete egin zen, eta bereziki poztu ninduen jende askotarikoa hurbildu izanak, gure gizartearen aniztasuna eta konplexutasunaren erakusle izan baitzen.
5. Bereziki eskertzen diet solasaldira etorri izana aldez aurreko mobilizazioan parte hartzearekin bakarrik konformatzeko tentazioa izan zutenei: nahiago izan zutelako lehen eskuko informazioa izan, hirugarrenen bidez jaso beharrean, eta proposamena epaitu aurretik entzuteko prest egon zirelako.
6. Eskualdeko alkateen falta sumatu nuen arratseko solasaldian. Informazio eta zehaztasun gehiago eskatzen dutela adierazi dute azken egunetan, Sailburuaren bisitaren ondoren. Uste dut aukera ezin hobea galdu zutela Sailburua herriaren aurrean interpelatzeko eta herritarren kezkak eta zalantzak ere bertatik-bertara ezagutzeko.
7. Alberto Martinez Sailburuak egin zitzaizkion galdera guztiei erantzun zien eta ez zuen inongo gairik saihestu; euskarak osasun-arretan duen garrantzia ere azpimarratu zuen.
8. Zaila da Sailburuak astelehenean egin zuena baino gardentasun-ariketa handiagoa aurkitzea, herriari irekitako ekitaldi batekin eguna amaituz.
9. Sailburuak urte honen amaierarako Ospitale Publikoaren Plan Funtzionala amaituta izateko konpromisoa hartu zuen; gauza bera espero dut Tolosako Udalaren mende dagoen hirigintza-tramitazioari dagokionean.
10. Sailburuari eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, bere ausardiagatik eta zerbitzu publikorako erakutsitako bokazioagatik; astelehenekoa bezalako ariketek politikaren izen ona sendatzen laguntzen dute.