Pintadei buruzko gogoeta

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Villanueva. PSE-EEko zinegotzia Tolosan 2025eko urriaren 17a

Tolosako PSE-EE alderdiaren egoitzan egindako pintaketa. Iturria: Tolosako EAJ

Hilabeteko epean, gure Herriko Etxeko pertsianei eraso egin diete Israeli eta Palestinako herriari erreferentzia egiten dieten pintadekin. Ez dakigu nortzuk diren egileak.

Palestinako herriari babesa eman dion eta Israelgo gobernuak Gazan egin duen genozidioa gaitzetsi duen alderdi politikorik badago, Alderdi Sozialista da. Pedro Sanchez erreferentzia izan da Europan eta nazioarteko politikan. Gero, beste guztiak etorri dira. Horregatik, ez ditugu ulertzen eraso horien arrazoiak.

Pintaden egileak ezagutu nahi nituzke. Euren posizionamenduak ezagutu nahiko nituzke, euren planteamenduekin aberastu nahiko nuke, nireekin alderatu nahiko nituzke. Haiekin eztabaidatzeko prest nago foro ireki batean.

Tolosarrok gizarte konplexu eta askotarikoa osatzen dugu, non adierazpen eta elkartze askatasuna guztiontzat bermatuta dagoen. Alderdi politikook, sindikatuok eta elkarteok, gure jarrerak inolako oztoporik gabe adierazten ditugu. Ezagutza duen herritartasuna osatzen dugu, informatuta dagoena eta komunikabideak zentzu kritikoz erabiltzen dakiena.

Errealitate horren aurrean, argiztatuak ala iluminatuak, aberrien salbatzaileak edo iraultza utopikokoak, oker dabiltza. Herria pintadaz betetzen digutenek ez diote inolako kausari mesederik egiten. Aitzitik, Gazako genozidioa gaitzestearekin ados dauden pertsonak desmobilizatu ditzakete, ez daudelako prest anonimotasunean kontent dauden eta tolosarren ondare publikoari eraso egiten dioten pertsonekin joateko.

Oharra: alderdi politiko baten, sindikatu baten edo edozein elkarteren egoitzari eraso egitea gertaera larria da gizarte demokratiko batean. Lehen urratsa da larderiaren bidean, baita gaizkiaren banalizazioa delakoan ere. Isiltasuna konplizea da. Eskerrik asko EAJ-PNVri, jaso ditugun erasoen aurrean, publikoki elkartasuna adierazteagatik.

Joxemari Villanueva. PSE-EEko zinegotzia Tolosan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!