Xabiertxo irakurtzen hasita, hitz elkartu bat etorri zait gogora: txiki-handia, gure aita zenari maiz jalkitzen zitzaiona, etxeko guztiok maitea genuen gorputz txikiko eta borondate handiko senide atsegin, isil eta langile hura hizpide zuenean. Hitz-pare kontrajarri hark barre txikia eragiten zidan, entzun orduko. Baina ez zait hitz hoberik bururatzen gure aitak hura esatearekin adieraztea lortzen zuen miresmena adierazteko.
Txiki-handia egokia begitantzen zait Xabiertxorentzat ere, txikitasunaren handitasunarekin jostatuz dabiltza-eta haren egileak. Txikitasuna adierazten dute liburu-azalean agertzen diren Xabiertxo, pertsonaia nagusiaren izenak, eta Txiki Jon Zabalo marrazkilariaren artista-izenak. Irudian berriz, Xabiertxok irakurtzen ari duen liburuan beste Xabiertxo irakurlearen irudi txikiagoa dago, eta haren liburuan beste oraindik ere txikiago bat. Ikuslearen irudimenaren esku uzten du marrazki ezagun horren egileak zenbat Xabiertxo gehiago egon daitezken pentsatzea. Irudi-jolasean bezala, hizkuntzetan ere aukera izaten da egitura konplexu bat modu errekurtsiboan sortzeko, eta euskarak ere uzten du egitura baten kopia egituraren barruan txertatzen, haren barruan berriro txertatuta esaldi konplexuago bat osatzeko. Hara: Xabiertxo liburuaren azaleko Xabiertxo (handiena)ren liburuaren azaleko Xabiertxo (ertaina)ren liburuaren azalean beste Xabiertxo txikiago bat dago.
Txikitik asko du liburuak. Haurrak dira bi pertsonaiak, Xabiertxo eta Ixiartxo, eta haurrei zuzenduak dira Ixaka Lopez-Mendizabalek esku-liburuko gaiak ez ezik (gorputza, abere-landareak, gehiketa/kenketa), gaien artean tartekatzen dituen balio moralak irakasteko pasarteak ere (guraso-umeen arteko maitasuna, egia esatearen eta sentipenen balioa, errukia), duela ehun urteko gizarte euskaldunean errotuta egongo zirenak. Katoia ere esaten zioten esku-liburua Tolosaldeko gipuzkeraz dago idatzita 1925ean, eta ehun urte beranduago arrotzak dira inguru honetako gaurko euskaldun askorentzat testuko zenbait hitz (txirbil, mizto), idazkera ere, Euskaltzaindiak batu aurrekoa, bitxi samarra egiten zaigun bezalaxe (Lenago, orain miĪa urte asko dala, baso aundiak ziran lur gañean). Esaldi gehienak laburrak dira, irakurtzeko errazagoak izateagatik edo, eta testuak ere laburrak dira, gehienak egilearenak. Baina haiekin batera badira XIX eta XX mendeetako sortzaile edo itzultzaile euskaldun gehiagorenak ere (Iturriaga andoaindarrak euskaratutako fabulak, Arrese tolosarraren neurtitzak, Elizanburu saratarraren bertsoa), erakusten dutenak Xabiertxo ez zela perretxiko bakan bezala sortu, bazeudela Ixakaren garaian edo garairako euskal testugintzan aritutako euskaldun gehiago ere. Euskaraz irakurtzen ikasteko liburu hura bazen, aldi berean, irakurleen artean idazle zein bertsolari haiek ezagun egiteko modu bat. Txiki-handia, horretan ere.
Mundua euskaratik landuz-eko jardueretan argi azaldu zaigunez, aparta izan da Ixaka Lopez-Mendizabalen eta haren ondorengo eta ezagunek Xabiertxo zabaltzeko, Euskal herrian zein atzerrian, egindako ahalegina eta lorpena, baita Gerra Zibilaren eta ondorengo garai latzetan ere, eta eskola-tresna bezala izandako arrakasta miresgarria. Txiki-handia.
Oso eskertzekoa da Xabiertxoren urteurrenaren aitzakian Galtzaundiko kide batzuk eta gainerako laguntzaileek liburuaren eta egilearen berri emateko hartutako lana. Zuek, etxerako!
Marijose Ezeizabarrena (Tolosa)