Tolosaldeko ospitale publikoa

Eskualdeko ospitale batetik 'harago'

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025eko uztailaren 29a

Jada eskuartean ditugu Osasun Sailak Tolosaldeko eskualderako, etorkizun hurbilerako, osasun planaren —edo berregituraketaren— inguruan egindako lehen adierazpenak; eta, zehaztasunak falta badira ere, jasotako informazioa nahikoa deritzogu kezkatuta, gutxienez, egoteko.

Izan ere, eraikiko duten zentroak ez ditu Tolosaldeko eskualdeak behar duen eskualde ospitale baten ezaugarriak izango, inondik inora ere. Osasun zentro berria Gipuzkoa osoko osasun beharrak asetzeko eraikiko da, eta hala adierazi du Martinez sailburuak: “eskualdeko ospitale batetik haratago doan eta proba diagnostikoetan erreferente izango den zentro bat izango da”, “beste eskualde batzuetako erabiltzaileen beharrei ere erantzungo die” eta “baliabideak optimizatu eta arrazionalizatzeko ahaleginari” erantzuten dio. Hau da, itxurak itxura, zentro berri hau eskualdeko ospitale izan beharrean, Donostiako ospitalearen apendize edo luzapen bat izango da, eta, Tolosaldeko 47.127 erabiltzaileak berdin, edo osasun zerbitzu are ankerragoekin, jarraituko dugu.

TOPAk (Tolosaldea Osasungintza Publikoaren Alde) egindako analisiaren arabera, Tolosaldeko eskualdea, ezaugarri demografikoz, Debagoienako eskualdearen antzekoa da eta Debagoienako Ospitalea (Arrasate) erabil genezake konparaketa bat egiteko. Honekin ez da esan nahi bertan ere osasun-krisia pairatzen ez dutenik baina gaur egun balio digu eskualde ospitale baten adibide gisa.

Debagoienako Ospitalean, 95 ohe, 6 ebakuntza-gela eta 3 erditze-gela dituzte. Alderatu ditzagun datu hauek Tolosalderako iragarri dutenarekin:

  • Arrasateko Ospitalean 95 ohe dituzte: bertan, ospitaleratze akutua behar duten Debagoienako pazienteak artatzen dira; hots, pneumonia edota aldakako haustura gisako patologiengatik ingresu laburra behar duten gaixoak. Adierazi da Tolosaldean eraikiko den ospitaleak 74 ohe izango dituela, eta soilik gaixotasun subakutu eta kronikoak artatuko direla. Gainera, Tolosaldeko pazienteak ez ezik, Gipuzkoa osokoak ospitaleratuko dira, Matia Ospitalea eta Donostiako Ospitalea arintzeko helburuarekin.
  • Arrasateko Ospitaleak 6 ebakuntza-gela ditu (5 kirurgia programatuak eta larrialdikoak egiteko eta 1 kirurgia txikia egiteko): urtero, 4.417 kirurgia egiten dituzte. Tolosaldeko zentro berrian, 3 ebakuntza-gela egongo direla iragarri da, eta, urtean, 3.600 kirurgia egingo direla aurreikusi dute. Datuak aztertuz gero, urtean, 250 lan egun daudela aintzat hartuta, kalkuluak dio egunero ia 5 kirurgia egingo direla ebakuntza-gela bakoitzean. Ezinbestean, datuak irakurrita, egingo diren prozedurak kirurgia txikiak behar dira izan: basektomiak, juanikoteak, barrura sartutako azazkalak… eta Martinezek esan bezala “Ebakuntza-gela hauek prozedura mota hauen itxaron-zerrendan dauden beste eskualdetako pazienteen eskura ere egongo dira”.
  • Arrasateko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan urtero 41.610 larrialdi artatzen dira. Adierazi denez, Tolosaldeko zentro berrian, larrialdi puntu bat egongo da; baina aditzera eman dutenez, larrialdi anbulatorioak izango dira, eta ez ospitalarioak. Alegia, orain Tolosako anbulatorioan ematen den arreta bera, “PAC” bezala ezagutzen dena.
  • Arrasateko Ospitalean 3 erditze-gela eta dilatazio-gela bat daude. Tolosaldean, erditze-gelarik gabe jarraituko dugu.

Zentro berri hau «froga osagarri eta diagnostikoetan» erreferente izango dela diotenean, proiektua saltzeko publizitatea egiten ari dira, Donostiako OSIko baliabide horiek eskualdeko osasun-beharrei ez dietela erantzuten ezkutatuz. Adibidez, endoskopia-gelei dagokienez, Donostian dauden 10 gelei Tolosan 2 gehitzea besterik ez da.

Osasun Sailak emandako deklarazioen analisiarekin amaitzeko, komenigarria da argitzea ospitale berrian ez dela espezialitate mediko berririk jarriko, Tolosako anbulatorioan jada dauden horiez gain -Erreumatologiaren kasua salbu-; dauden horien lekualdatze bat besterik ez da, beraz. Deigarria da, bestalde, ospitale berrian ez dela espezialitate kirurgikorik egongo. 

Baina zeri erantzuten dio berregituraketa eta osasun plan honek?

Kapitalismo europarraren krisiak (zor publikoan hondoratutako estatuak, ehun produktibo defizitarioa eta bloke inperialistaren indar endekapenak) Europako Ongizate Estatuen gainbehera dakar; era zuzenean, osasungintza bezalako adar ez-emankorretan, gastua gutxitzea eraginez. Berregituraketak, beraz, baliabide eskasi egoera baten aurrean, efizientzia aferei erantzuten die, baliabide sanitarioen zentralizazio bati leku emanez, adibidez. Horregatik, testuinguru honetan kokatu eta ulertu behar da zentro berri honen eraikuntza ere.

Berregituraketaren xedea, baliabide eskasia betikotuz, egoeraren kolapsoa ekiditea da; eta, ezinbestean, konfigurazio honek emandako osasun-zerbitzuen gainbehera dakar, baita asistentziaren kalitatearen okertze joera kronifikatzea ere. Eta, aldi berean, eman dezake, politikariak gatazka erraldoi eta metastasiko honen aurrean, zerbait egiten ari direnaren ustea: herritarrak isilik eta otzan mantentzeko helburuarekin.
Gurera ekarrita, baina, nola eragingo digu berregituraketak?

Ospitale berrian eskainiko ez diren zerbitzuak edo espezialitateak non emango diren ez da zehaztu. Asuncion Klinikan eman edo eskainiko badira -esplizituki esan dute ez dutela publiko bilakatuko-, jada mahai gainean ditugun arazoak konponbiderik gabe geratuko dira; areago, arazoa kronifikatuko da klinika pribatuaren zentro osagarri izaerak bere biziraupena aurrerantzean bermatuko baitu. Gauzak horrela, kolaborazio publiko-pribatuan sakontzen da, eta, Asuncion Klinikaren jabe pribatuak aberasten jarraitu ahala, osasun-arretaren ezegonkortasuna denboran mantentzen da, bertako langileen lan-baldintza txarrekin batera. Gainera, era horretan osasun-sarbidea gizarte mailan polarizatzen da, aseguru pribatuen bidez ahalmen ekonomikoa duten klase ertaineko biztanleek osasun arreta azkarragoa lortzea sustatzen baita.

Aldiz, falta diren zerbitzu horiek Donostiako Ospitale publikoan eskainiko badira, jada itxarote-zerrenda luzeekin eta gainezka dauden zerbitzuetan Tolosaldeko biztanleria txertatu beharko litzateke egoera are gehiago okertuz. Gainera, eskualdeko ospitale baten arreta jaso ordez, hirugarren mailako ospitale batean jasoko genuke arreta, baliabideen zentralizazioari atea irekiz eta gertutasun irizpidea, bortxaz, gaindituz. Aukera bat ala beste izan, finean, osasun zerbitzura langileriak duen sarbideak okertzen jarraituko du.
Pozik aurkeztu zen eskualdeko Alkateen Mugimendua, OSI Donostialdeak Tolosaldeko biztanleriari ateak irekiko zizkiola jakitean. Gure aburuz, ordea, bi ahoko ezpata besterik ez da proposamena, eta Tolosaldeko OSI-a eta eraikiko den ospitale berria Donostialdeko OSIaren menpeko izateak, Tolosaldeko biztanleriaren osasun eta ongizate bermea zuzenean kolpatzen ditu, aipatu ditugun arrazoiengatik.

Esan gabe doa zentro berri hau Tolosaldean eraikitzeak baduela bere zioa, izan ere, TOPAk, urte luzez, ahotsa eman dion eskari sozialari erantzun bat ematen ari direnaren antzezpen baterako trikimailu aproposa da. Hots, osasun baztertzea pairatu duen eskualde honetako urte luzeetako borroka apaltzen -eta ahal izanez gero, desegiten- saiatzeko izan da Tolosaldea jomuga geografikoa; Donostian, ospitale inguruan eraikiko balitz, funtzio berak izango lituzkeen arren. Osasun Sailetik harri batez bi kolpe eman dituzte, finean, hautu horrekin: eskualdeko biztanleriaren haserrea apaltzen saiatzea eta, gainera, osasun krisiaren baitan baliabideen zentralizazioan sakontzea.

Eskualdea urte luzetarako kondenatuko duen osasun-iruzurra irensteko arriskuan gaude. Hori dela eta, plan honek oposizio argi bat behar du. Horretarako, gure ustez, langileon antolakuntza oinarri izango duen borroka eta mobilizazio ereduan sakondu behar da. Gertakari lokalak testuinguru orokorraren baitan kokatzea eta krisiaren baitako joerak seinalatzea ezinbestekoa izango zaigu ematen dituzten pausoak ulertu eta borrokatzeko. Bestalde, alderdi instituzionalekiko independentzia mantentzea osagai garrantzitsua izango da datorren etapa berri honetan, hauek beraien interes elektoralak gainjartzeko joera etengabea baitute.

Irene Hernandez eta Arantzazu Lizartza, medikuak eta Mugimendu Sozialistako kideak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!