Alegiako jaiak 2025

Euskara bazterrean uzten ari dira: atzerapausoa Alegiako festetako programan

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Balerdi, Alegia 2025eko uztailaren 9a

Alegiarra naiz, euskalduna eta euskaltzalea, eta beti eskertu izan dut herriko festetan euskarak izan duen nagusitasuna. Horregatik, ezin dut isilik egon 2025eko festetako programan gertatu denaren aurrean. Aurtengo liburuxka ikusita argi dago erabaki bat hartu dela: erdara eta euskara maila berean jartzea.

Azken urteetako programetan euskara izan da protagonista. Ekitaldiak, azalpenak eta jardueren deskribapenak lehenik eta behin euskaraz izaten ziren —orri bat egun bakoitzeko— eta ondoren, liburuxkaren amaieran, itzulpena zuen orri bat izaten zen letra txikiagoan. Alegiako nortasunaren isla zen hori: herri euskaldun baten adierazpen normala, naturala eta duina.

Aurten, aldiz, nabarmen sumatzen da hizkuntza bien arteko 'parekatze' moduko bat, baina benetan parekotasun faltsu baten aurrean gaude. Bi hizkuntzak maila berean jartzen saiatu direla dirudien arren, euskarak galdu egin du bere tokia: lehenengo izatetik, bigarren izatera pasatu da. Hizkuntza politiken ikuspegitik, halako aldaketek ondorio sakonak dituzte gure komunitatearentzat. Oharkabean pasatzen dira batzuetan, baina gure hizkuntza-ohituretan eta gazteen erreferentzietan eragiten dute.

Irmoki salatu behar da urtetan Alegian euskararen alde egindako lanaren ondorioz lortu dugun presentzia instituzional eta soziala arriskuan jartzen duen edozein erabaki. Alegia herri euskalduna da, eta festak —gure izatearen isla direnez— euskaraz bizitzeko eta ospatzeko espazio izan behar dute.

Are eta kezkagarriagoa da hau UEMAko kide den udalerri batean gertatzea. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko partaide izateak konpromiso argi bat eskatzen du: euskara lehenestea eta normalizazioa modu aktiboan bultzatzea. Aurtengo programak, ordea, norabide horretatik urruntzen ari garela iradokitzen du.

Horregatik, publikoki eskatzen dut euskara berriro nagusi izan dadila datozen urteetako festetako programetan , eta ez dezagula utzi gure hizkuntza poliki-poliki bigarren mailan.

Mikel Balerdi, Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!