Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren diru laguntzarekin, Tolosaldeko zabortegi gisa erabiltzen diren kobazuloen katalogoa garatu ondoren (2024ko abendua), Lurpea Garbik egoera honi ahalik eta azkarren buelta eman ahal izateko urrats txikiak ematen jarraitzen du, horrela, Tolosaldeko ingurune karstikoen lurpeko urak, kobazuloetako ekosistemak eta ondare arkeologiko eta geologikoa babesteko.
Lurpea Garbik irmo jarraitzen du dibulgazio eta sentsibilizazio konpromisoarekin. Hitzaldi, tailer eta erakusketez gain, hainbat kobazulo garbitu ditu, eta garbitzen jarraituko du, boluntarioen laguntzarekin. Hala ere, badira kobazulo batzuk, zailtasun teknikoengatik eta bertan dauden hondakin motagatik, boluntarioen laguntzaz gain, profesionalen esku-hartzea behar dutenak. Horrek kostu bat dakar, momentuz, Lurpea Garbik bere gain hartu ezin duena. Une honetan, erakunde publikoek gaiari buruz esateko duenaren zain gaude. Bitartean, denbora agortzen ari da, eta gure esaten dudanean, gu espezie gisa ari naiz.
Gogoratu behar da 2025eko otsailaren 25ean Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran 6/2025 Ebazpena onartu zela, Gipuzkoako lurralde historikoko leizeak eta simak garbitzeko eta horrek ingurumenean duen garrantziaz kontzientziatzeko Gipuzkoako herritarrak. Ebazpen hau talde guztiek aho batez onartu zuten. Lau hilabete geroago, egoera ia ez da aldatu, Lurpea Garbik zerbait egin duen lekuetan izan ezik.
Administrazioak eta naturak erritmo ezberdinetan egiten dute aurrera, eta hori arazo bat da. Naturak bere bidea jarraitzen du, harkaitza higatu egiten da, euria egiten du, urtaroak joan eta etorri egiten dira eta, bitartean, kobazuloetan pilatutako hondakinek hor jarraitzen dute, eta bertan jarraitzeaz gain, kantitatean handitzen doaz pertsona batzuen (gero eta gutxiago direnak) ezjakintasunagatik, utzikeriagatik eta eskrupulu faltagatik, kobazuloak zabortegi gisa erabiltzen jarraitzen dute eta. Modu honetan, Gipuzkoako lurpeko urak eta mundu mailan hain garrantzitsuak diren kobazuloetako ekosistemek arriskuan jarraitzen dute, eta baita ondare geologikoak eta arkeologikoak ere.
Pasa den ekainaren 13an, zaparrada handi bat izan zen Tolosaldean. Batez ere, Alegiari eragin zion, bi ordutan 101 l/m2 jaso zirelarik. Prezipitazio gehiena (62 l/m2) 30 minutuan kontzentratu zen (22:40etik 23:10era). Otsailean zehar Alegiako estazio meteorologikoan erregistratutako prezipitazio osoa 55,6 l/m2 izan zen. Horrek euriaren intentsitatearen ideia ematen du, ordu erdian estazio berean otsail osoan erregistratutako kopurua gainditu baitzen.
EAEn, eurite biziak eta torrentzialak ez dira arraroak. Klima atlantikoak eta lur malkartsuak eurite ugariak eta, uda aldera, ekaitz torrentzialak eragiten ditu, ekainaren 13koa bezalakoak. Hauek errepikatu egiten dira, eta gertatzen direnean, askotan kaosa sortzen dute ibaiek gainezka egiteagatik, errepideen itxieragatik, uholdeengatik, galera ekonomiko eta giza-galerengatik eta abar. Jendeak begirada zerura bideratu ohi du, euri-jasa noiz geldituko zain eta atseden pixka bat hartzeko beharrean. Baina Lurpea Garbik beste nonbaitera begiratzen du, gizakiaren bistatik ezkutatuta dauden sakonera ilunetara, Tolosaldeko karst eremuetan dauden kobazulo eta barrunbeetara, akuifero garrantzitsuak, lurpeko bizitza aberatsa eta ondare historiko eta geologikoa gordeta dituzten lekuetara. Toki horiek arriskuan daude tipologia anitzeko hondakinak dituztelako, eta ahalik eta azkarren kentzen ez badira, karsta larriki kaltetu daiteke arazo konponezina bihurtu arte.
Kezkatuta geunden euri-jasak kobazuloetan pilatutako hondakinak barrualdera bultzatuko ote zituen ideiaren aurrean. Hondakin kopuru handiena zuten bi kobazulo bisitatu ondoren, gure susmoak baieztatu egin ziren. Bi kobazuloetan, hondakinak metro batzuk beherago daude orain. Kanpotik higatutako euri-ura eta lurra kobazuloetara sartu eta hondakinak behera eta barrurantz bultzatu zituzten. Hondakin batzuk buztin-lurzoruaren azpian partzialki lurperatuta daude. Ez dakigu zenbaterainoko sakonerara iritsi diren hondakinak, baina badakigu zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta zailagoa, arriskutsuagoa eta ekonomikoki garestiagoa izango dela bertatik kentzea, lurpeko uren, ekosistemen, ondarearen eta, batez ere, gure buruaren, gizakion, kalterako.
Egiaztatu dugu aipatutako zaparradak Alkiza eta Asteasu bereizten dituen Kontzejal errekaren ibilguan sakabanatuta zeuden ehun eta berrogeita hamar neumatiko baino gehiagoren zati handi bat ere arrastaka eraman zuela beherantz.
Lurpea Garbiko kideok uste dugu oraindik garaiz gabiltzala, horregatik ez dugu amore eman, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu egoera honi buelta emateko hartu dugun konpromisoan. Baina, horretarako, erakundeen inplikazioaz eta laguntzaz gain, eskualdeko biztanleena ere behar dugu.
Benetan lotsagarria litzateke, garaiz jokatu ez izanagatik, etorkizunean, adibidez, kobazuloetan metatutako hondakinek eragindako lurpeko uren kutsadura dela eta, akuifero batetako urak erabilezin bihurtzea; ekosistema antzu bihurtzea; gure parte den ondare arkeologikoaren galera; eta gure ondare geologikoaren desagerpena, klima aldaketari buruzko informazio-iturri garrantzitsuenetako bat dena mundu mailan.
Ezer ez egiteak, ziurrenik, itzulerarik gabeko egoera batetara eramango gintuzke. Prest al gaude itzulerarik gabeko puntu batera iristeko? Zer egingo dugu orduan? Denbora gure aurka ari da lanean... tik, tak, tik, tak, tik, tak...!