Tolosaldeko euri erauntsia

Marroia zen ura, marroia zen lurra

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga Zubeldia, biologoa 2025eko ekainaren 18a

Marroia zen ekainaren 14ko goiz hartan Alegiako Larraitz auzoaren kolorea. Amezketa errekatxoa, eurite puntual eta handi baten ostean, erabat marroia zen lokatzezko erreka erraldoi bat bihurtu zen. Fabrensa parean bere ibilbidetik atera eta Alegiako Larraitz auzoaren bi alderdiak marroiez margotu zituen, estolderia, garaje, etxola eta etxeak urez betez.  

Baina gainezka egindako erreka marroiez gain, menditik behera jaisten ziren lur jauzi marroiak ugariak izan ziren, sekula ikusi ez diren hainbat luizi egon baitziren errepideetan zein mendi magalean zeuden etxeetan. Baina Larraitz auzoa, mihi marroi batek laztantzen zuen bitartean, normalean euriteen ostean urpean geratzen den San Juan kalea erabat garbi zegoen, benetan arraroa, sekulako eurite baten ostean erreka alboko kaleetan ezer ez gertatzea eta mendi magalean dagoen auzo bat lokatzezko uholde marroia batek irenstea. Zer gertatu ote zen mendi magal horietan? Ba ote dago loturarik, uholde marroi hauek eta pinuen banda marroiaren artean? 

Gipuzkoan 35.000 hektareatik gora pinu landaketak dira, gehienak Pinus radiata espeziea. Urte askotan zehar egur ekoizpenaren aldeko baso kudeaketa bat egin da gure Gipuzkoa maitean, gurean ez dago ia bertako basorik. 60ko hamarkadan ordea, banda marroia izenez ezagutzen den Dothistroma septosporum onddoaren lehen kasu isolatuak agertu ziren Euskadin, baina inor ez zen izutu, eta pinu landaketekin aurrera jarraitu zen. 2018an, udaberri epel batetan eta pinu landaketak oso errentagarriak ziren urteetan, onddo honen ikaragarrizko zabalkundea eman zen, Gipuzkoako pinuen ia erdiari eraginez. Geroztik, banda marroiaren aurkako milaka neurri hartu dira, eta gaur egun apur bat kontrolatu den arren, ditugun pinu landaketen heren bat onddo honen eraginpean dago.
 
Hainbat ikerketek diote, banda marroiak pinuaren hazkunde eta osasunean eragin egiten duela, gaixo dagoen pinu bati, hazkunderako gaitasuna gutxitu egiten zaio, fotosintesia egiteko ahalmena murrizten dio eta, adi hemen, bere sustraien garapenari bideratzeko gaitasuna murriztua ikusten da. 
 
Eta hemen, pairatu genuen arazo honen errezeta: sartu zartagin batean gaixo eta sustrai sistema garatzeko arazoak dituzten banda marroidun pinu sailak, aurreko egunetako euriagatik urez lepo dagoen lurzoru bat, eta bukatzeko, gehitu indar handiko euri jasa puntual bat… lokatz uholdeak. Lurzorua urez beteta dago, ez du berari eusten dion fundamentuzko sustrai sistemarik, eurite puntual batek azken bultzada ematen dio eta ehunka tona lokatz malda behera doaz, errekak, auzoak eta errepideak lur jausiz estaliz.
 
Klima aldaketa tarteko, eurite puntual eta indartsu hauek badirudi gero eta gehiago izango ditugula gurean, gure basoetako pinu gaixotuek eta bere sustrai sistema ahulek ordea berdin jarraituko dute, bitartean zementuzko gero eta pareta handiagoak egingo ditugu. Berriz ere, argi geratu da biodibertsitatearen kontserbazioak, goiz ala berandu, guztioi eragiten digula eta ez dela lau biologo zoroen ideia zoro bat, eta natura erraldoia dela, eta gu txikiak. Iritzi artikulu hau bezala, txikia… eta iritzia. 
 
Eta ez ahaztu, aurten ere Alegiako jaietan erraldoiak aterako direla kaleetan zehar, baina erraldoirik handienak Ekainaren 14ean bakoitza bere auzoan pala txikiekin egun osoan lanean aritu ziren herrikideak izan zirela, haientzako ez zegoen marroirik, handiak zarete!

Jon Ander Galarraga Zubeldia, biologoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!