Tolosaldeko ospitale publikoa

Gezurrak eta kalumniak Tolosaldearentzat

Erabiltzailearen aurpegia TOPA

Dagoeneko hauteskunde arteko impasse honetan murgilduak, non Gobernu eta Kontseilari berriek hauteskunde-promesa ugarien maskarak kentzen hasiak diren, Tolosaldean 14 urte luze ondoren sufritzen jarraitzen dugun erabateko ziurgabetasun egoera marjinala salatu nahi dugu TOPA herri plataformatik.

Hain da nabaria borondate eta komunikazio falta, ezen Gobernuko alderdi batzuek ospitale deitzen dioten hedabideetan besteek gezurrik esan gabe Legebiltzarrean Erresoluzio Altuko Zentroa deitu behar diotenari. Guzti hau, Alberto Martinez osasun kontseilariarekin duela 7 hilabete izandako lehen eta azken bileran, «dena birplanteatzeko prest» zegoela esaten zigun bitartean. Orain, duela egun batzuk eginiko agerraldian ordea, berriro parte-hartze eta kontsultarik gabe, inposatu nahi diguten proiektua iragarri zuen: Ohedun ospitale bat?

Iragarri berri duen eskualdeko alkateekin egingo duen bileran, Tolosaldeak denboran luze pairatu duen bazterketa egoerarekin amaituko duen epe ertaineko proiektu zehatz bat aurkeztea espero dugu alde batetik, eta bestetik, Asuntzion klinika pribatuari aukera eskainiko dion irtenbide bat aurkeztea, bitartean arriskura kondenatzen gaituen orainaldi honetarako... Konponbideak behar ditugu eta! 

TOPAn pozarren hartu dugu alkateekin iragarri berri duen bilera, baina esan beharra dugu ere, nekagarria dela oso herri mobilizaziora jo behar izatea, denboran zehar gehiegi luzatzen ari den prozesu bat bizkortzeko. Argi dugu era berean, herri mobilizazioari eutsiko diogula, errespetuan, parte-hartzean eta gardentasunean oinarrituriko beste harreman mota bat posible ez den bitartean. Jada 3 hilabete pasatxo dira TOPA herri plataformak publikoki salatu zuela kontseilariari eskatutako bigarren bilera horri erantzunik ez jaso izana.

Izan ere, bidegabekeri honetan gehien harritzen gaituena, herritarrengandik gertuago suposatzen diren ordezkari politikoen jarrera da, nortzuek ez duten inongo zalantzarik izan herri mugimenduaren protestak kriminalizatu eta kalumniatzeko. Guzti hau, benetako arazoa eta beharrezko eztabaida saihesteko helburu argiarekin. Ez dugu ulertzen, gure osasun-salbuespena hobetzeko konpromisoa hartua duen herri mugimenduarekiko duen jarrera, azken hauteskundeetatik pairatzen dugun osasun zerbitzuaren kalitate eskasaren diagnostikoa partekatzen dugun heinean gainera. Alderdikide den sailburu beraren hitzetan, «pazientearen segurtasunerako arrisku» egoera.

Nola konektatu nahi duzue berriro herritarrekin, eskualdeak sufritzen duen bazterkeria egoera marjinal eta arriskutsuari buruzko eztabaida ezkutatu nahi duen gezur eta kalumnia estrategia honekin? TOPAtik irtenbidearen parte izaten hastera gonbidatzen zaituztegu, jarrera honek patrika lagun aberastuari soilik egiten baitio mesede. Kontuan hartzekoa da ere, euren osasun eskubideen alde borrokon diharduten herritarren protestak deslegitimizatzeak demokraziari dakarkion arriskua. Are gehiago, eskubide hori jasotzeko euren betebeharrak zergen bitartez ordaintzen dituztenean.

Eta are larriago oraindik, herrikideak arrisku eta salbuespen egoeran mantenduz osasun bazterketako eskualde batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!