GUTUNA

Mendizaletasunaren Museoa. Galdutako aukera?

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peon

Pena handiz hartu dut Mendizaletasunaren Museoaren egitasmoa bertan behera erori dela irakurri dudanean. Pena. Aitortzen dut ez naizela batere objektiboa museoari dagokionez, baino alkatearen argibideak irakurri ondoren behartuta ikusi dut nire burua iritzia plazaratzera.

Zailak diren egitasmoekin aurrera egiteko abilidadea eta burugogortasuna, nonbait izan badira eredugarri, Tolosan izan da. Non bestela ikusiko zuen argia Txotxongilo Museoak. Urteetako lanaren emaitza da TOPIC, zailtasun asko eta askorekin. Herritar talde batek bultzatutako ekimena izan zen Mendizaletasunaren Museoarekin gertatu den bezala. Baina proiektuarekin aurrera egin zen, etsipenari lekurik utzi gabe, errazena baita etsitzea, herri ordezkarien aldetik hanka sartzeko aukera alboratuz. Baina ez gaitezen engaina, aurrera egiten ez duenak atzera egiten du.

Pena handiz, Mendizaletasunaren Museoak lagun asko zituelako Tolosan. Herritarren bultzada da egitasmo batek aurrera egiteko osagai nagusiena, ez bakarra baina bai nagusiena. Eta Mendizaletasunaren Museoak bazuen aldeko bat baino gehiago, askoz gehiago. Mendiz inguratutako herria garelako, eta maite ditugulako ez bakarrik gure inguruko mendiak, munduan zehar daudenak lilura eragiten digute. Museoak aukera ematen ziolako Tolosari ez bakarrik ondarea gorde eta erakusteko. Gertatutakoarekin mendia eta ingurugiroan dinamika berriak sortzeko aukera galdu dugu.

EMMOAk proiektuaren berri eman zidan lehenengo momentutik pentsatu nuen ez zegoela Tolosa baino herri egokiagorik museoaren kokapenerako. Lehenengo momentutik sumatu nuen zailtasuna baina benetan pentsatzen nuen eta pentsatzen dut, proiektua gauzatu izan balitz dinamika oso positiboak eragingo zituela gure herrian, ezbairik gabe.

Alkateak udaleko zailtasun teknikoak eta ekonomikoak azpimarratu ditu eta benetan norbaitek ulertzen baditu zailtasun horiek, aurretik alkate izandakoak gara eta egia da zailtasun handiak izaten direla. Abegi etxea berritzeko zailtasunak izan ziren baina ez genuen etsi, errefuxiatuentzako aterpea egiteko zailtasunak izan genituen baina ez genuen etsi, emakumearen etxearen proiektuarekin aurrera egiteko zailtasunak izan ziren, teknikoak eta ekonomikoak baina ez genuen etsi.

Benetan, pena eman dit jakin dudanean gertatutakoa, uste dut sekulako aukera galdu dugula tolosarrok eta hori Tolosan, ez da ohikoa.

Olatz Peon, Tolosako alkate ohia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!