Ez dut polemikarik sortu nahi, baina aipatutako gizon horrek komunikabide batean galdera bat aireratu zuen eta poztu nau ikusteak badakiela TOPA existitzen dela, izan ere, ikusezinak ematen genuen, duela 14 urte hasita, Tolosaldean osasungintzaren gaiak merezi duen errespetu eta seriotasun guztiarekin. Alferrik-edo aritu gara orain gutxira arte, eta orain hasi al da kezkatzen herritarrek gai honi buruz pentsa dezaketenarekin?
Denei entzuten dieten boluntarioek osatzen dute TOPA, bilerak irekiak dira eta osasungintza publikoaren alde eta defentsan jardun nahi duen edonor etor daiteke, duen afiliazio politikoa duela. Hori bai, garbi utzi nahi dut herritarrak aspertuta daudela zuen gezurrekin edo errealitateari jartzen dizkiozuen apaingarriekin, izan ere, egia esan, EAJ 2011n oker ibili zen Tolosaldean osasungintzaren alorrean egin zuen kudeaketan, eta, penagarriena, oker jarraitzen du guztiok gizarte zerbitzuen eta osasungintzaren pribatizaziora eraman nahian. Ez gara ergelak.
Baldin eta TOPAkook ezkerrekoak bagara kentzen ari zaizkigun gizarte eskubide batzuen defentsan jarduteagatik, ba, ezkerrekoak izango gara orduan, baina ez alderdiren bati adskribatuta gaudelako. Helduak gara dagoeneko eta ohartu gara zuen Uzturre Foroa bitarteko bat baino ez dela zuen inguruko jendearen sakabanaketa zuzentzeko: jende hori sufritzen ari da zuen kudeaketa sanitario okerra ikusita, eta kudeaketa oker hori agerian uzten ari dira TOPA eta Euskal Herriko beste hainbat OPA Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma.
Osasungintza publikoa defendatzen ari gara. Eta hauxe da nire galdera: horren urruti al gaude zuregandik, horren urruti zuek nahi duzuen edo defendatzen duzuen horretatik? Altxa burua zuen zilborretik eta pentsatu herritarrengan. Irakurri berriro Konstituzioaren 41. eta 43. artikuluak: besteak beste, gizarte segurantzaren sistema bat bermatu behar zaie herritar guztiei eta osasun hezkuntza sustatu. Eta hemen antidemokrata bakarrak izango dira, inolako lotsarik gabe, haiek bezala pentsatzen ez dutenak antidemokratatzat jotzen dituztenak.
TOPAn boluntarioak gara denok, ez dugu inongo soldatarik jasotzen eta gure bandera bakarra guztion ongia edo onura da. Gauza bera esan al dezakezu zuk?
Onura handiagoa egiteko dirua eta baliabideak badituzue zuek, kudeatzen duzuen diru publikoaz gain. Ez dut uste antidemokratikoa denik eskatzea diru gehiago inberti dezatela gizarte baliabideetan gerran baino.
Ez dakit zu orduan han ote zinen, 2010ean, udalei dokumentu bat aurkeztu zitzaienean, Tolosalderako osasun sistema zeinen ona zen agertzen zuena, Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Asuncion klinikak bermatuta. Esaerak dioen moduan, «hauts haiek ekarri dituzte lokatz hauek».
Entzun diezaguten nahi dugu, baina ez hori bakarrik, 2011n egin behar zenutena egin dezazuen espero dugu.
Adeitasunez.
Inmaculada Arroyo Herritar bat