Gutuna

Tolosako inauterietako presentzia polizialari ez

Erabiltzailearen aurpegia Gazte Koordinadora Sozialista Tolosaldea 2025ko ots. 13a, 07:58

Gazte Koordinadora Sozialistak honako gutuna kaleratu du Tolosako Inauterien atarian:

Urtebete pasa da Tolosako inauterietan Ertzaintza Beotibar kaleko gazteei oldartu zitzaienetik. Istiluak aitzakia gisa hartuta, Ertzaintza Alde Zaharrean sartu, jaurtigailuekin tiroak bota eta hainbat gazte zauritu zituen, haietako bat larriki. Egindakoaren ardurak onartzetik urrun, larriki zauritutako gaztearen kasua artxibatu zuten duela gutxi, tiro egindako jaurtigai-luak errebotez jo izana argudiatuta.

Beste behin argi geratu da poliziak egiten duena egiten duela ere inpunitate osoz jarduten duela, eta hori horrela izan dadin bermatzeko hainbat tresna dituela; izan hedabideen laguntza, izan epaitegietako babesa. Gainera, azken inauterietako gertakariek erakusten dute inauterietan presentzia poliziala handitzeak ez duela ezer konpontzen. Are gehiago, arazoak sortzeko arrazoi nagusia dela.

Denen ahotan daude inauteriak: karrozak, txarangak, txosnak... Baina inork ez du zalantzan jartzen presentzia poliziala, zeina urtez urte geroz eta handiagoa den. Hori gutxi balitz bezala, geroz eta oldarkorragoa ere bada. Ikus, bestela, azken urteetako operazio polizialen jarduteko modua.

Horregatik, Tolosako inauterietako presentzia polizialari ezezkoa esaten diogu. Ezezkoa inauterietan ere geroz eta polizia gehiago egoteari. Ezezkoa inauteriak militarizatzeari. Ezezkoa inpunitate eta jazarpen polizialari.

Gazte Koordinadora Sozialista

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!