Eolikoak Bidania-Goiazko biztanleen atarian: datuak,  iritzia eta kezka

Erabiltzailearen aurpegia Joxemai Izagirre Muñoa 2025ko urt. 30a, 07:58

Energia berriztagarrien Lurralde-plan sektorialean hautatutako lokalizazio-eremua gaindituz hirigunera hurbiltzen diren bi dorre ere eraikitzeko asmoa agertzen da Finerge entrepresaren proiektuan. 

Zenbait hedabidek agertu dutenez (Argia 2024/12/05, Ataria 2014/12/11), Portugalgo Finerge entrepresak jada badu Urraki eta Ilaun tarteko lerroan, Beizama eta Bidania-Goiazko lurretan,  parke eoliko bat eraikitzeko egitasmoa. Proiektuan bederatzi dorre agertzen dira, ia 230 metrokoak, hauetatik hiru bigarren herri honetan kokatuz. Hiruren arteko bat, BI06-a, bi herrien arteko mugan doana, hautatutako eremuan errenditzen da baina  beste biak, BI03 eta BI04 izenekoak eremuaren mugak gaindituz hurrenez hurren Ariztiola baserriaren gaineko tontorrean eta Kukuri mendian kokatzen dira, aipatutako baserritik 300 metro pasatxora lehenena eta Goiazko plazatik 700 metrora bestea. Distantzia tarte horretan, 500 metroren inguruan, Goiazko baserri baxuenak eta Elola auzora doan bide ondoko beste zenbait baserri geratzen dira. Eta 250 metrora Toki Alaitik aipaturiko auzora doan errepide hau.

Honelako proiektu bat ebaluatzeko kontuan hartu beharreko faktore asko eta asko alde batera utzita, zehaztu gabe daudelako eta esparru propioa dutelako, tamaina honetako eraikin batek bistan duen eragin bat aipatuko dut. Goiatz ibaiaren gainetik batez besteko 140 metroko garaiera du Kukuri mendiak. Hemen eraiki nahi den dorrea mendiaren altuera bera baino 90 metro inguru handiagoa izango da, Goiatz hirigunea bera baino luzeagoa. Eta honek aurrez aurre eta aipaturiko distantzietara  izango duten bertako biztanleen eta Urrakitik datozen edo doazen bisitarien bistarako suposatuko duen haustura estetikoa ukaezina da, nekazal paisaiaren eraldaketa nabarmena eta esanguratsua. Eta berdintsu samarrak beste dorreenak ere.

Bestalde, geldi egonean ere haize ufadek turbinaren palak jotzean sortuko duten ziztu zarataz gain, makineriak energia ekoizteko martxan denean aterako duena ere nabarmena izango dela uste dut. Turbinaren potentziak, mekanismoek, makinaren eraikuntza berak, faktore batek baino gehiagok izango du eragina jaulkituko dituen dezibeliotan eta beste batzuk  dezibelio hauen hedapenean, distantzia eta haizearen norabidea eta indarra tarteko. Ez ote dute zarata hauek eraginik izango inguru honetako animaliengan, etxekoetan eta basokoetan, eta, nola ez, hain hurbil geratzen diren Bidania-Goiazko bizilagunetan?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!