Aitor txiki txikitatik egon da kirolari lotua. Gaztetan futbolean eta atletismoan aritu izan zen, txirrindularitza probatu zuen arte. Orduz geroztik, 30 urte luze pasa ditu bizikleta gainean, hobeto esanda, triziklo gainean, izan ere, Aitorrek garun paralisia du jaiotzez. Entzefaloan ematen den lesio iraunkor honek, mugimenduen kontrolean, arlo kognitiboan edota gorputz tonuan eragin dezake. Horrela, Aitorrek bere oreka eta mugikortasunean dituen zailtasunei aurre egiteko, 3 gurpildun bizikletan ibili izan da. Hau, T1 modalitate gisara ezagutzen da txirrindularitza egokituan.
1990. urtean modalitate hori Europan zehar zabaldu zen arren, Aitorrek nahiko lan izan zuen Euskal Herrian modu horretako bizikleta bat eskuratzeko. Azkenean, Donostiako denda batean muntatu zioten espresuki bat berarentzat. Ez zen beste lehiakideena bezain puntakoa baina, nahikoa bere lehen lasterketak korritzeko. Azkenean, ez zen bere hasieratara soilik mugatu, eta zehatz mehatz, 22 urtez ibili zuen triziklo hori. 22 urte horietan, gizartea eta teknologia asko aldatu eta aurreratu arren, triziklo berri bat eskuratzeko prozesua ez zen gehiegi erraztu. 2017an, urte bete zain egon ondoren, eta lan eta buruhauste asko eta gero, Tolosako Arsuaga bizikleta dendaren eta Tolosako galdaragile baten elkarlanari esker lortu zuen bere kirol ibilbidearen amaiera arte erabili duen trizikloa.
Aitorren kirol ibilbideari erreparatzen badiogu, ikaragarria da. Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelduna izan da hainbat eta hainbatetan, bai erlojupeko zein errepideko lasterketetan; 20 parte hartze baino gehiago Espainiako Txapelketetan, bertan, kolore guztietako dominak pilatuz; ohorezko postuak nazioarteko lasterketatan... Hori guztia ezbeharrik edo erorketarik izan ez duenean noski, txirrindularitzan aritzen zareten guztiok ere jakitun baitzarete, zoritxarrez horrelakoak gertatzen direla eta. Beste lorpen esanguratsu bat ere badu bizkar gainean, Bizkaiko Txirrindularitza Egokituko Bira bere edizio guztietan lehiatu duen txirrindulari bakarra da, 21 aldiz oker ez banago. Baina kirol emaitza horietatik haratago, Aitorri ibilbide mardul horrek, lasterketa ugaritan parte hartu eta lehiatzeko aukera emateaz gain, jende asko eta leku berriak ezagutzeko aukera eman dio, eta kirolak eskaintzen dituen beste hainbat balore indartu eta baita prozesu horretaz gozatzeko aukera ere. Nik, zorionez, ibilbide horren azken 12 urteetan Aitorren bidelagun izateko aukera izan dut, entrenatzaile lanetan.
Pena, azken denboraldiek izan duten bilakaera, izan ere, urtero Aitorren helburu nagusia Espainiako Txapelketa lehiatzea izaten baitzen, Euskadiko Selekzioaren koloreak gogotsu defendatuz. Lasterketak irauten zuen asteburuko egonaldi hori, tokiaren arabera, ostegunetik hasten zen. Selekzioko kideekin txirrindularitzaren bueltan asteburu ederra pasatzeko aukera eskaintzen zuen, lehen aipatu bezala, kirol emaitza horietatik haratago. Baina ezustean, 2023ko denboraldian albiste tristea jaso genuen: Euskadiko Txirrindularitza Federazioan gertatu ziren hainbat tirabiren ondorioz (guretzat ezezagunak), Galizian ospatu behar zen Espainiako Txapelketan Euskadiko Selekzioak ez zuela parte hartuko. Beraz, Galiziarako bidaia beste era batera antolatu beharrean aurkitu ginen. Saiatu Fundazioari (kirol egokitua sustatzeko erakunde bat) eta Txema bere arduradunari esker, bidaia antolatzeko aukera izan genuen bidaiarako furgoneta eta bertako estantzia kudeatzeko aukera izanik. Txapelketa lehiatu eta 2 dominekin itzuli ginen, bata erlojupekoan eta bestea errepideko frogan. Baina asteburua ez zen aurreko urteetakoa bezain zoriontsua izan, batetik ez genituelako Euskadiko Selekzioaren koloreak defendatu, eta bestetik, asteburu hori hain aberasgarria egiten zuten selekzioko kideak falta genituelako. Gure harridurarako, ordea, Euskadiko Federazioko furgoneta eta auto bat zeuden bertan azken orduan egindako selekzio txiki batekin. Antza denez, txirrindulari batzuek federazioan beren kexak adierazi ondoren diru kopuru bat jaso zuten bidai eta talde xume bat antolatzeko. Haserre ginen bai, baina horrela onartu behar…
Aurten, 2024. urtean, Aitorren asmoa, maiatzean Murtzian ospatu behar zen Espainiako Txapelketa lehiatu eta trizikloa aldea batera uztea zen, baina oraingo honetan ere, gauzak ez ziren guk nahi bezala irten. Apirila amaieran, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak Murtziara eramango zituen txirrindulari egokituen zerrenda helarazi zigun, selekzioko kide baten bitartez. Gure harridurarako, 7 txirrindulariz osatutako zerrenda horretan Aitor falta zen. Eta harridura esaten dut, izan ere, azken urteetan Espainiako Txapelketa guztietan bina (erlojupeko zein errepidean) domina eskuratu dituen txirrindulari bakarra bera baita. Orduan, federaziora deitu genuen hautaketa prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko. Bertan, txirrindularitza egokituaren inguruko inongo irizpide zein ezagutzarik ez zutela konturatu ginen, zuzendari teknikoak triziklo edo handbike kategoriak ezagutzen ez zituelarik. Nik esandakoak kontuan hartu eta deituko zidalakoan geratu ginen, baina dei hori ez genuen jaso. Nik behin eta berriz deitzen nion ea aldaketarik edo beste aukerarik zegoen jakiteko, baina erantzunik ez, beti komunikatzen ematen zuen. Hiruzpalau egun eman nituen horrela, eta nire telefonoa blokeatua zuela pentsaraztera eraman ninduen horrek. Horrelaxe izan zen, izan ere, nire bikotearen telefonotik deituta lortu nuen berarekin hitz egitea. Zoritxarrez, Euskadiko Txirrindularitzako Federazioko zuzendari teknikoak emandako azken erantzuna hauxe izan zen: «Es lo que hay, dena antolatuta dago». Arrazoia, ezjakintasuna agian, edo Aitor horrelako bidaia batera eramateak laguntzaile gehigarri bat suposatzen duela izan daitekeela pentsatzen dugu, auskalo. Baina argi daukaguna da, gaur egun hori onartezina dela federazio batean, inklusio eta normaltasunerako bidean ez baitu batere laguntzen, eta are eta gutxiago kirolari egokituei zuzenduriko atala baldin badu. Gizarte honek, benetan kirol egokitua indartzeko apustua badu, eman beharreko pausoen inguruan badugu hausnarketarako premia.
Hori horrela, aurtengoan ezin izan gara Espainiako Txapelketan izan, ezin izan gara agurreko denboraldian Espainiako Txapelketan izan. Mina, pena eta amorru ikaragarria Aitorrek modu honetan amaiera eman behar izatea bere kirol ibilbideari. Gainera aipatu, pandemiaz geroztik, bere lasterketa egutegia osatzen zuten bestelako lasterketak ere, Euskadiko zein Gipuzkoako txirrindularitzako txapelketak eta Bizkaiko Paracycling Bira, ez direla ospatzen. Bestalde, txirrindularitza egokituan, Espainiako Kopako proba batzuk jokatzen dira penintsulan (normalean Madril, Murtzia eta inguru horretan), baina bertara joateak suposatzen duen diru zein baliabide inbertsioa kontuan izanda, hauetan ez egotea erabaki dugu.
Esaldi hauek eskertzarako erabiltzea ere gustatuko litzaidake, prozesu honen parte izatea benetan aberasgarria izan delako niretzat. Eskerrik asko Aitor bihotz bihotzez erakutsi didazun guztiagatik, errealitatearen beste alderdi batzuk azaleratzeagatik, ni ulertzeko eta laguntzeko une oro erakutsi duzun prestutasunagatik eta ibilbide honetan zure bidelagun izaten uzteagatik. Hau idazterakoan, oroitzapen bikainak etortzen zaizkit gogora. Eskerrak eman, ibilbide honetan lagundu gaituzuen guztioi, Dordoka Kirol Elkartea (Aspace), Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa, Saiatu Fundazioa, Ner Group kooperatiba, Panelfisako langileak, Euskadiko Selekzioko tekniko eta masajistak, bertako hautatzaile izandako Amador Granados, Emaitz Izagirre arduradun ohia, Ion Galarraga eta Mikel Goikoetxea txirrindulariak (momentu atseginak pasa ditugu elkarrekin) eta txirrindularitza egokituko sarean murgildurik eta lanean zaudeten guztioi. Eta barkatu baten baten izena esan ez badut. Hori bai, ezin aipatu gabe utzi, bere etxekoak, uneoro alboan izan duen Tere ama eta Nerea bikotekidea.
Bi mila hogeita lau badoa,
eta agur urte hon(e)tan,
ezin bukatu urtea bera,
hau esan gabe hitzetan.
Beti arte triziklo kuttuna
mila oroitzapenetan,
(e)ta ez a(ha)ztu denon esku da(g)o
inklusioa gizartean.
Eskerrik asko, Aitor.
Asier Mujika Gonzalez