gutuna

Babesgune,  sorginen babesgune

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Egilegor 2024ko aza. 21a, 16:00

Denbora gutxi daramat, bi hilabete eskas, lan postu berrira egokitu nahian.

Lehen aldiz nire pasioak diren ikerkuntza eta hezkuntza uztartu eta batera lan egiteko parada eskaintzen didan lanpostu batean nire eserleku propioa dut. Sozializazio, gizarteratze bidirekzional eta zerbait ondo egiten ari naizen sentipena ematen didaten beste hainbat hitz mardulen baitan egiten dut jarduna. Ikerkuntza sozializatu eta gizarteratzeko zer hobeagorik hezkuntza baino. Aitzitik, hezkuntza bakarrik ez, bere baitan ez baita nahikoa sozializazio hori guztia gauzatzeko, komunitatearen beharra premiazkoa da. Eskolari eskatu zaio sistema osoaren kontraesanak konpontzea, «I» hirukoitzaren eskumena izango balitz gisa, eskola arautuaren baitan, ikasle, irakasle, ikasgela. Ardatz hori, ordea, lekualdatu eta hezkuntza sare hurbilak sortzearen premian gaude, komunitatean eta sare komunitarioekin.

Euskal ondare zein mitologiaren baitako saio batean, aspaldian eguzki lorea desagertzeko zorian dagoen espeziea dela dioten material mordoa ekarri diet ikasleei. Izpiritu, gaixotasun, ekaitz zein sorginetatik babesteko jarri izan da betitik etxeko atarian.

Mendi muino zein gaindegietan hazi eta asko jota 20cm hartzen duen Carlina Acaulis espeziea da. Gure babesgune preziatua izendatu genuen eta, gaur, hala izaten jarraitzen du. XVIII. mendeko baserri mardulen atariko eguzki loreak datozkit burura, baina konturatzerako etxean hiruren presentzia dudala aditu dut. Bata, etxe berrira etorri nintzeneko opari bat. Bestea, telebistako altzairua atontzeko egurrean egindako bat; eta, azkena, duela astebete eskas familikoekin eskuratutako beste bat.

Gure babesgune eta usadioak aitzakiatzat hartuta, oroigarri ere egin ditugu hauek, euskaldun izaera berresteko beharrezko beste elementu bat. Txikitatik Urbiako zelaietara igotzeko ohitura dugu familiakoak, eta begiluze zein xelebre garen heinean, eguzki lorearen lore gabeko landareez betetako zelaien baitan murgildu izan gara. Aitzitik, hauen lorea lore ikusteko aukera ez dut hainbestetan izan. Ohitura zaharrei estuki lotuta beraz, hauek sorgin zein ekaitzen babesgune izaten jarrai dezaten behar dute babesa. Sentimendu kontrajarriak izango badira, argi izan, «I» hirukoitzak ez ezik, gizarte zein komunitate sare gisa, sorginetatik babesteko ohitura zaharrak bai, baina sasi guztien gainetik gabiltzan sorginak defenditu behar ditugula betitik eta betirako.

Izaskun Egilegor,  Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!