Gutuna

Zein festa eredu nahi dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Ines Olarra Agiriano 2024ko urriaren 4a

Prentsaren bitartez jakin nuen Leticia Sabater Berazubiko festetan izango dela aurten. Berazubiko auzokide naizen aldetik, pentsatzen eta sentitzen dudana adierazteko beharrean ikusten naiz eta, eskutitz honen bidez, irakurlea hausnarketara gonbidatu nahiko nuke.

Bere emanaldiak gogorarazten digu emakumea bere ezaugarri fisikoengatik bakarrik baloratzen duen jende asko dagoela oraindik. Leticia Sabaterrek gaur egungo emakume langile, euskaldun eta feministaren aurkakoa irudikatzen du. Bere kontratazioarekin bilatzen den gauza bakarra morboa eta festetako gastuak ordaintzeko diru-sarrerak ziurtatzea da.

Urriaren 11n, Leticia Sabaterrek emanaldia eskaintzean, lotsa eta amorrua sentituko dut. Agian emakume asko identifikatuta sentituko dira eskutitz honekin, baina gehienetan ez gara ausartzen gure ideia eta pentsamenduak adieraztera.

Berazubi Auzo Elkartea bizirik dagoen eta aktiboa den elkarte bat da. Urte guztian zehar ekintza asko antolatzen ditu, auzotik eta auzoarentzat antolatutakoak. Aurten, ordea, bizilagun asko ez gara identifikatuta sentituko gure festekin. 

Hausnarketa bat egin nahi nuke. Zein festa eredu nahi dugu? Nik parte hartzean oinarritutako jai eredu bat bultzatu nahiko nuke. Herritik eta herriarentzat  izango den egitarau bat eraiki, guztion nahi eta interesen neurrira.

Bukatzeko, Tolosar guztiak animatu nahi zintuzket Berazubiko festetan parte hartzera, baina baita emanaldi honekiko zuen desadostasuna adieraztera ere, datorren ostiraleko emanaldira ez gerturatuz.

Ines Olarra Agiriano, Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!