gutuna

«Ederra izan da irudia»

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez de Rituerto 2024ko ira. 24a, 07:57

Oinezkoak eta txirrindulariak Rondilla kalean, larunbatean. Naiara Roldan de Aranguiz.

Trafikorik gabeko Rondilla eta San Frantzisko izan ditugu asteburuan, lehen aldiz. Inpaktua eragin du egitasmoak, ezbairik gabe. Baina buruan genuen lehen helburua bete, bete da: eztabaida mahai gainean jarri, eta hausnarketa kolektibo bat burutzearena.

Jakitun ginen aldeko eta kontrako iritziak sortuko zituela. Ulerkor naiz, bizilagun, komertzio edota bisitari batzuk helarazitako kezkekin, eta helduko diegu horiei. Jaso ditugu zorion mezu asko. Kritikak ere bai. Errespetagarriak eta kontutan hartzekoak, zalantzarik gabe. 

Ezin baitugu ahaztu, froga bat izan dela asteburukoa. Froga bat, halako aldaketa baten alde onak, txarrak, hobetzekoak eta aurrera begira kontutan hartzeko gaiak bistaratuko zituena. Azken batean, horrela ikusten eta ikasten dira beste era batera ikusezinago diren gauza asko. Galdera bat genuen buruan: ‘Non jarri behar dugu arreta, eta nola ordenatu behar ditugu beste arazo batzuen irtenbideak, Rondilla oinezkoentzako gune egin ahal izateko?’.

Proba hori egiteko hautatu genezakeen zerbait arinagoa: igandez egitearena; kale gutxiago ixtearena; baina inpaktua ez litzateke bera izango. Eta, behin inpaktua neurtzen hasita, bizi errealitate ahalik eta zabalenean eragiten zuen aukeraren alde egin genuen.

Noski, izan dira trafiko pilaketak, eta zamalanetarako edota aparkalekurako zailtasunak. Horregatik gaur gaurkoz ezin dugu oinezkoentzat hori modu iraunkorrean gauzatu. Aurrez beste lan batzuk baditugulako. Hain zuzen, erronka horiek bideratu eta ordenatu behar ditugu, proiektua gauzatu ahal izateko. Eta horretarako ari gara -eta arituko gara-, lanean.

Esperientzia honek ere erakutsi digu beste alde indartsu bat; gure egunerokoa Rondillan autorik gabe irudikatzearena. Eta, zentzu horretan, ederra izan da irudia: haur eta familia mordoa, gurpildun aulkian edo bastoiaz lagunduta paseatzera irten diren adinekoak… Lastima eguraldi iragarpenagatik zenbait ekitaldi lekuz mugitu behar izatea eta berez aurreikusitako guneetan gauzatu ahal ez izatea. Bide batez, eskerrak bidelagun izan zaituztegun guztioi.

Eztabaida hasi besterik ez dugu egin; tokatuko zaigu berriro ere aritzea. Baina ez nuke nahi 2019an alderdi guztiok onartu genuen Mugikortasun Planean jasota dagoen proiektu hau ahanzturan erortzerik nahi. Kale eta gune bizigarriak ditugu helburu, eta pieza guztiak lotzeko lan egingo dugu, bidea hasi dugun lekutik aurrera eginda.

Andu Martinez de Rituerto
Tolosako alkatea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!