Urrun naiz, Juanmari, bidaia batean urrun. Jaiki naizenean jakin dut, jasotako whatsapp pila horien artean baitzetorkidan berri lazgarria, “Juanmari hil da”. Ohetik altxa eta, guztiz esnatuz, ohartu naizenerako malko bat nuen masailean behera irrist. Sinestezin. Kostata, egia zela ikustean, etorri zait irribarrea ahora, zurekin pasatako ordu horiek guztiak besterik ez baitidate ekartzen, oroimen onak, zoragarriak, Udaberriko entseguetan, emanaldietan, juntako eztabaidetan, txarangilarekin kalejiran, bidaietan, parrandetan, baita Herri Biltokiko bilera luzeetan ere.
Etxean telefonoak jo eta amak “Juanmari da” esaten zidanean, “uf, marroia” pentsatzen nuen. Ez zen hala, ordea, herrian nolabaiteko betebehar bat zegoenean, omenaldi bat prestatzen laguntzea, Agurra dantzatzea edo eta txalaparta jotzea ez zen inondik inora marroia, plazera baizik, Juanmari. Zu beti hor izan zara dena antolatzen. Txistua eta danbolina beti prest edozertarako (maisutasun handiz jotakoak, esan gabe doa). Hori zen borondatea eta herriarekiko konpromisoa. Gogoan dut taldeko bileretan zegoen arau edo esakune hura: “Hemen inor ez da ezinbestekoa”. Orduan neuk, “ados, baina batzuk beste batzuk baino gehiago” nioen neure baitan; bada bai, pentsatzen nuen -eta oraingoan ahots gora diot- batzuk ezinbestekoak zinetela. Horregatik, zutaz oroitzean, beti Silvio Rodriguezek aipatzen zuen Bertolt Bretchen poema datorkit gogora: “Badira bizitza osoan borrokatzen dutenak, horiek dira ezinbestekoak”. Horietakoa zinen zu, eta beste bide bat hartu duzun arte hor egon zara egunero, uneoro borrokan, herrigintzan, euskalgintzan, arlo anitzetan, trukean ezer eskatu gabe. Euskal Herriak (behar) duen eguneroko militantea. Borrokalari ezinbestekoa.
Hitz hauek idazten ari naizen bitartean ere, nola ez zait ba aterako irribarrea? Denok gogoratuko zaitugu Europako bide bazter bateko restop batean botata zigarreta ahoan lozakuan sartuta, edo aterpe eman ziguten Okzitaniako etxe hartan kristalezko atetik sartzen saiatu zinenean, atea bera itxita zegoelarik, edo Pantzart antzezlanean dultzaina jotzen katea beheran kateatu eta pieza osoa postura xelebrean jo behar izan zenuenean. Esketx dibertigarriak eta xelebreak sortzen zenituen. Hori ere bazenuelako, grazia.
Agur, maisu. Bai, maisu diot, niretzat hori izan zarelako. Kasu honetan ez diot kasorik egingo Berri Txarrak taldearen esanei, ez baitut ezer desikasteko. Zurekin ikasitako guztia nirekin izango da betiko, neuk ere erabiltzen dudalako beste batzuei irakasteko. Transmisioa, zeuk hainbeste baloratzen zenuen eginkizuna. Tradizioa transmisioa zela zenioen, eta balioan jarri behar zela. Orain, boteprontoan, gure elkarrizketa haiek denak datozkit gogora, politikaz, nazioarteko gaiez, euskal dantzaren historiaz, herri musikaz, folkloreaz, hau eta hura antolatzeko planak egiten… Oteitzaren Quosque tandem oinarri hartuta, liburu eta paper artean, zenbat ordu berbetan taldearen lokal ezberdinetan, Udaberriko artxiboa (AAH) antolatzen hasi ginen garai hartan. Maisu eta erreferente izan zara askorentzat.
Honegatik guztiagatik uste dut asko zor dizugula. Udaberri taldeak, herri musikak, Tolosako eta Euskal Herriko kulturgintzak, eta herrigintzak oro har. Utzitako hutsunea betetzen zaila izango delako.
Duela urte batzuk guretzat erreferente izandako lurraldeetan nabil, nomada. "Alforja campesina proletaria" dio hemengo abesti ezagun batek. Hori izan zara zu, beti lanean, kultura edo politikako lan militantean. Sarreran esan lez, bidaia batean urrun naiz, zuk beste bidaia bat hasi duzun unean. Hemendik agurtuko zaitut nik, Juanmari. Goxo bekizu lurra eta zerua. Zauden tokian zaudela, egin txokotxo bat lagunok joaten garenerako. Orduan berriro izango baitugu mila irribarre egiteko unea.
Fernando Rojo Tolosa