gutuna

Etxegabetzeak nonahi

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Lizarralde 2024ko uzt. 24a, 07:58

Ikasturtea amaitu da, baina etxegabetzeak ez dira inoiz amaitzen; ezta gure herrian ere.

Otsailean, Etxebizitza Sindikatutik salatu genuen Miserikordiko (Iurreamendi egoitzako) etxean bizi diren zenbait pertsona etxegabetu zituztela eta, ordutik hona, ez dira eten bertan jarraitzen dutenen aurkako jazarpenak eta etxegabetze saiakerak, beraientzako bizitzeko aukera bakarra hori izan arren. Azkena, joan den ostegunean, udaltzainen eskutik etorri zen.

Horrelako gertakariak erabat koherenteak dira kapitalismoak beharrezko duen ordena sozialarekiko, hau da, ez dira «kudeaketa arazoak», gizarte kapitalistaren printzipioak baizik. Baina garrantzitsua iruditzen zait aipamen batzuk egitea etxegabetzeekin gertatzen ari diren joerez. Jarraian, hiru ideia aipatuko ditut.

Erakunde publikoak ere etxegabetzeen erantzule dira: alokairua ordaintzeko nahikoa dirurik ez baduzu, lehenago edo beranduago, kaleratzea agintzen dute. Jabedun guztiek darabilte logika hori. Alokabidek, esaterako, 50 etxegabetze gauzatu zituen joan den urtean eta, iragan ostegunean, hiru hilabeteko haur bat duen familia bat kaleratu zuten Gasteizen. Tolosako kasuan, etxebizitzarik ez duten zenbait pertsona bota dituzte beraiek bilatu behar izan duten irtenbide bakarretik, izan ere, diru falta jasaten dute eta ez dituzte betetzen erakunde publikoek etxebizitza eskaintzeko jartzen dituzten baldintzak.

Instituzioetatik etxegabetzeei ematen dioten alternatiba miseria kudeatzea da. Otsailean, udalak etxegabetzea agindu ostean, ostatu batean zazpi gau pasatzea eskaini zien. Hori bai, «lekua libratzean» izan beharko zuela, edukiera beteta baitzegoen. Eta bitartean? Eta ondoren? Joan den ostegunean ere, kalean uztea zen udaltzainek zuten alternatiba bakarra. Etxegabetuak izan diren pertsonentzako, kasurik gehienetan, ez dago kalitatezko alternatibarik.

Etxegabetzeak egiteko legez kanpoko metodoen eta jazarpenaren gorakada ematen ari da. Legearen mugetatik kanpoko praktikak gero eta ohikoagoak dira, bai antolakunde faxisten eskutik, baita instituzioen eskutik ere. Miserikordiko etxean, ez dute inoiz inongo agindu judizialik erakutsi, ez dute abisurik eman eta udaltzainek giltzapetuta utzi dituzte etxe barruan zenbait pertsona, jakitun izanik bertan zirela. Gainera, praktika hauek lotura zuzena dute ideologia faxistaren zabalpenarekin. Sektore pobretuenen (nagusiki etorkinen) aurkako jazarpena, kriminalizazioa eta salbuespenezko neurriak areagotzen ari dira, etxebizitzarekin negozioa egiten duten horien interesak babesteko, nahiz eta bigarren horiek diren etxebizitzarekin ditugun arazoen erantzule.

Ikasturte honetan, guztira 1.055 pertsonak jo dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarengana, horien % 36,6 etxegabetze arazoekin. Desokupazio enpresak Andoainen, Aretxabaletan eta beste hainbat lekutan aritu dira inpunitate osoz. Martutene auzoan, berriz, gazte migranteen aurkako heriotza mehatxuak zabaldu dituzte… Horrek argi eta garbi erakusten du urgentzia handikoa dela salatzea etxebizitzaren auzian gertatzen ari diren bidegabekeriak, seinalatzea horren erantzuleak eta handitzen joatea haiei aurre egiteko gaitasunak. Garrantzitsua izango da arazoaren erroa zein den azaleratu eta proposamen politikoak egitea ere.

Jon Ander Lizarralde Etxebizitza Sindikatuko kidea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!