Horretarako, gure herriko paretei begiratzea besterik ez dago, haietan azaltzen diren datuek jendearen interesa piztea baitute helburu. Argi gera dadin, kartelek dioten bezala, Tolosako Gizarte Zerbitzuetan erregistratutako indarkeria matxista kasuen zifra ofiziala honako hau da: 139 eraso 2018tik 2024era bitarte. Hauetako 13, gutxienez, aurten erregistratutakoak dira. Halaber, aurtengoen zifrak, inauterietan emandako 3 eraso matxistak barnebiltzen ditu. Beste 10ak Tolosako osteopataren kasuarekin lotutakoak dira. Honez gain, ezin dugu ahaztu Tolosaldeko Itaiatik salatutako eraso homofoboa, hau ere 2024ko inauterietan emandakoa. Tolosatik haratago joanda ere, egoera ez da oso desberdina. Orain dela aste batzuk indarkeria matxistaren muturreko adierazpena birritan ikusi ahal izan dugu. Alde batetik, Donibane Lohizuneko erailketa matxista guztiz salagarria da, eta instituzioek eta haien kudeaketek dituzten hutsuneak agerian utzi ditu enegarren aldiz. Bestetik, hilabete honetan argitaratu da Errenterian 2021 urtean ertzain batek eraso egin ziola indarkeria matxista jasaten ari zen emakume bati.
Gertakari tamalgarri hauen aurrean, bistakoa da ezin garela instituzioen erantzunaren zain gelditu. Premiazkoa da antolakuntza independentearen bitartez, momentuan eraso hauen aurrean erantzutea eta, aldi berean, zapalkuntzan oinarrituko ez den gizarte baten eraikuntzarako bitartekoak sortzen joatea. Helburu hau gogoan izanik, Tolosaldeko Itaiatik diagnostiko saioak ditugu martxan gure herriko egoera zein den aztertzeko. Egoera hau kontuan hartuta, beharrezkoa deritzogu San Joanak bezalako jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko eta elkarren babesa antolatzeko bitartekoak martxan jartzea, erasoen aurkako protokoloa eta etxeratzeak honen adibide direlarik. Bi tresna hauek aipatu ditugun saioetan zehazten dihardugu dagoeneko. Hurrengo saioa ekainak 13, osteguna, 18:00etan izango da Plaza Berrian. Gutun honen bitartez, diagnostiko saio hauetan parte hartzeko eta gure antolakuntzara batzeko deia luzatzen dizuegu.