gutuna

Palestina, Nakba eguna

Erabiltzailearen aurpegia Jatsu Ormazabal, Tolosaldeko Kontseilu Sozialista 2024ko maiatzaren 9a

Israelek su-etena moztearekin argi ikusi da zer-nolako inpunitatez jarduten duen. Oraingoan ere, palestinarren sarraski totalerako duen asmo irmoa erakusteaz gain, agerian gelditu da nazioarteko komunitatearen eta Europar Batasun osoaren aldetik baldintzarik gabeko babesa duela. Honezkero ohartu gara gauza bat dela esaten dena, eta beste gauza bat egiten dena.

Europar bloke geopolitikoaren barruan, genozidioarekin amaitzeko eskaera antzuak egiten dituen gobernu bakar batek ere ez dio bere babes ekonomiko-militarra kendu.


Zein zentzu dauka, orduan, Nazio Batuen Erakundeari zein nazioarteko komunitateari dei egin eta negoziazioa eta bakea eskatzeak, horien atzean zalantzarik gabe oligarkiaren interes militarrak ezkutatzen badira? Horrelako aldarriek eta palestinarren erresistentziarako eskubidea ez aitortzeak, mesede gutxi egiten diote kausa palestinarrari.


Gure ustez arazoaren oinarria jarri behar da zentroan: sionismoa. Nazioarteko gehiengo zabalaren begietan sionismoaren proiektuak legitimo izaten jarraitzen duen bitartean, lehenago edo beranduago, palestinarren genozidioa besterik ezin liteke espero. Hori da errealitatea Israelen existentzia bera zalantzan jartzen ez den bitartean. Eta gaur, hemen, Palestinaren askapenerako pausoak emateko, ezinbestekoa da Israelen konplize guztiak seinalatzea: berarekin harreman komertzial eta akademikoak dituen oro, armatzen duen gobernu aurrerakoia, gobernu horren sozio politikoak, eta horiek guztiek mantentzen duten elkartasun faltsuzko jarrera.


Behar-beharrezkoa den posizio hori gizarteko esparru guztietara zabaltzeko, NATOren interesekin erabat lerratutako alderdi-sistematik aparteko antolakuntza politikoa eraiki beharrean gaude. Alderdi-sistema hori arku parlamentario osoa da, ikusi besterik ez dago nola hauteskunde kanpainan ez den txintik ere esan gerrara eta Europaren militarizaziora garamatzaten politikei buruz. 


Gutun honekin dei egin nahiko nuke Nakba egunean, Israelgo estatuaren sorreraren urteurrenean eta palestinarren exodoa gogoratzeko egunean hain zuzen, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistatik antolatu den elkarretaratzera. Datorren asteazkenean, maiatzak 15, 19:30ean Tolosako Trianguloa plazan.

Jatsu Ormazabal, Tolosaldeko Kontseilu Sozialista

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!