Gutuna

Euskaldunon Harrotze Astea Tolosaldean

Erabiltzailearen aurpegia Ane Aizpurua (LAB Osasungintza) 2024ko api. 25a, 11:57

Iritsi da Euskaldunon Harrotze Astea, baina batzuek motibo gehiago dituzte lotsatzeko, harro sentitzeko baino.

Denon belarrietara iritsi dira Tolosako Asuncion Klinikaren inguruko arazo eta borrokak, batez ere Tolosaldeak duen ospitale publiko baten beharrak sortutakoak. Baina azken urteetan euskararen egoerak eskualdeko osasungintzan izan duen beherakada ere larritzeko modukoa da.

Badakigu mediku falta dela euskararen gaia bigarren mailan eta lozorroan mantentzeko aitzakia ederra, baina aitzakiak aitzaki, benetan nahi duenak aurrerapausoak eman ditzake pixkana bada ere. Kontua da, aurrera ez ezik, atzeraka ez ote goazen. Tolosaldea oso eskualde euskalduna da, baina bertako osasungintza ez da eskari horri aurre egiteko gai. Gero eta profesional gehiago dira kanpotik datozenak, eta behar ditugu, baina profesional hauekin batera behar ditugu hauek euskararekin hartu-emana izaten hasteko laguntzak eta planifikazioa.

Alde batetik, Osakidetzak kontratatzen dituenen artean, euskara eskakizunik behar ez duten plazak daude, eta horren adibide da Tolosako eta inguruko pediatria zerbitzuen erdalduntzea. Gero eta gehiago dira pediatrarekin gaztelaniaz egin behar duten gurasoak (haurrak askotan ez baitira gai gaztelaniaz hitz egiteko), komunikazio falta horrek dakarren arretaren kalitate jaitsierarekin. Beste alde batetik, Asuncion Klinika daukagu, pribatua izanik, euskararen presentzia borondatezkoa izatera pasatzen delarik. Horren ondorio da, noski, mediku asko eta askok euskaraz ez jakitea eta jakiteko beharrik ez sentitzea.

Tolosaldea bezalako eskualde euskaldun batean onartezina da gure hizkuntzarekiko axolagabekeria hau. Herritarrek kalitatezko arreta merezi dute, eta horrek berarekin dakar euskaraz komunikatu ahal izatea. Aldarrikatu dezagun ozen euskara dela Euskal Herriko hizkuntza ofiziala. Har ditzagun kaleak eta ikus dezatela ez gaudela besoak antxumatuta. Euskarak kalea behar du, euskarak zu behar zaitu. Animatu eta pasa ekintzara. Bat egin Euskal Herrian Euskara-ek antolatu duen Harrotze Astearekin!

Ane Aizpurua (LAB Osasungintza) Euskal Herrian Euskaraz-ek martxan jarri duen Harrotze Asteari lotuta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!