Gutuna

Konturatzerako, 50 urte!

Erabiltzailearen aurpegia Silvia Mateo Orus 2024ko api. 24a, 07:57

Bideokliparen aurkezpena itzela izan zen. Leidor leporaino beteta, ikus- entzuleen txaloek, algarek eta tarteka emozioak bustitako begiek ederki adierazi zuten nire urteurrena ospatzeko gogoa. Zer esanik ez, oholtza gainean aritu zirenen jarrerak. Artista handiak, artista txikiak, zein baino zein artistagoak, haientzako naizena era batera edo bestera lau haizeetara zabalduz. Urteurren borobilari hasiera emateko era aproposagorik...!

Borobila, duela 50 urte sortu baininduten. 50 ez dira gutxi, alajaina! atzera begira hartzen omen da izan garenaren tamaina... eta, besteak beste, horretan nabil azkenaldi honetan, orain arte izan naizenaren argazkirik fidelena atera nahian.

Atzera begira jarrita, behar bati erantzunez jaio nintzela garbi dago: 1973/74 hartan, gainezka zegoen Gorosabel eskola publikoko eta beste eskoletatik etorritako hainbat ume izan ziren nire lehenengo ikasleak. 119 denera. Laster gehituko zitzaizkien inguruko herrietako beste asko, haien eskolen itxieraren ondorioz. Pixkana joan nintzen behar nuen guztia neureganatzen: instalazioak, irakasleria, ordutik nire-nirea den Gorosti guraso elkarte prestua... eta, espero bezala, asko izan dira gaur egunera arte gainditzea egokitu zaizkidan erronkak: A eta B ereduetatik D eredura trantsizioa, eskola publikoarekiko hainbat aurreiritzi oker... bidean izugarri ikasi dut eta bertako komunitatearen ilusioari eta kemenari esker, oso bilakaera polita izan dudala esan dezaket orain. Ikasleriaren hazkuntzak Haur Hezkuntzako eraikina ahalbidetu zuen, ingurumenean erreferente bilakatu zena. Ikasturtez ikasturte, gizartearen ezaugarriei/beharrei egokitzen saiatu naiz zinez, ikaslea erdigunean jarriz. Badakit ez nuela beti asmatuko, baina orokorrean ondo egindakoaren zaporea dut. Eta hobetzeko asmoa!

Egindako guztiak eta niregan norberak utzitako aletxoak gaur egun naizen honetara ekarri naute: komunitate sendo batek babestutako hezkuntza proiektua nauzu. Eta harro nago, ze arraio! Nire ametsa? Herritar euskaldun, bizi garen munduarekin konprometitu eta ahalik eta zoriontsuen eta orekatuen hezten jarraitzea. Ez da makala... gizartea etengabe aldatuz doa eta haren isla naizen aldetik, badakit etengabe egokitzen jarraitu beharko dudala. Eta, horrela, herriak eman didana, herriak jaso dezala!

Aurtengoa ospatzeko ikasturtea da. Era batera edo bestera nigandik pasa zareten guztiak antolatuko diren ekitaldietara gonbidatu nahi zaituztet. Zuek gabe ez nintzateke ni izango! Beste guztiak ere, ongi etorri. Eta, nire eskerrik beroenak, nigan sinisten duzuen guztioi. Hainbeste zarete... ezin denak aipatu! Oso-oso harro nago zuetaz, eta lanean jarraituko dut zuek ere nitaz harro egon zaitezten. Denekin eta denentzat, beti bezala. Izan nintzenagatik, naizenagatik eta izango naizenagatik... topa!

Silvia Mateo Orus, Samaniego Herri Ikastetxeko irakaslea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!