Gutuna

Hogei

Erabiltzailearen aurpegia Irene Martin, Tolosaldeko Itaia 2024ko ots. 7a, 14:03

Itaiak deituta Tolosako azken sexu erasoak salatzeko egindako elkarretaratzea.

20. Zer da zenbaki honek adierazten duena? Pasa den urtean Tolosako gizarte zerbitzuek artatu zituzten indarkeria matxista kasuen kopurua. Baina, zenbakiak baino, askotan garrantzitsuagoa da hauek atzean ezkutatzen dutena.

Zenbat emakumek jasaten dugu indarkeria matxista gure egunerokoan, baina gizarte zerbitzuetara iritsi gabe? 20 badira iritsi diren kasuak, zenbat dira atzean utzi berri dugun urtean Tolosan eman ziren erasoak? Argi dago, kopurua ez badaukagu ere, zifra askoz ere altuagoa dela, 20 hau izeberg-aren punta besterik dela.

Bitartean, bada indarkeria matxista ukatzen duenik, bada bizi dugun zapalkuntza asmakizun ideologikotzat duenik, eta bada herrian osteopata batek egindako erasoen berri izan ostean, erasotutako emakumeen aurka jotzen duenik, hauek seinalatuz. Egoera jasangaitz honen aurrean, bada aterabidea instituzioetan kokatzen duenik, nahiz eta agerian geratu den hauetatik egiten dena indarkeriaren kudeaketa besterik ez den. Baina, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak  sortzearekin batera (erasoei aurre egiteko protokoloak, adibidez) ez al da beharrezkoa indarkeria hau existituko ez den gizarte eredua eraikitzea? Argi dago urgentzia handiko gaia dela, zeresanik ez Inauteriak bezalako festa erraldoi batean, non, tamalez, erasoak gertatzeko baldintzak handitzen diren.

Horregatik, Itaiatik, erasotua izan den eta laguntza behar duen emakume orori babesa emateko protokoloa martxan izango dugu beste behin, inauteri guztietan zehar 672 95 79 95 zenbakira deituta martxan jartzen dena. Baina, esan bezala, ezin gara mugatu indarkeria kasuak gertatutakoan hauek kudeatzera. Eta argi daukagu, askotan azaldu dugun bezala, gizarte kapitalistan ezinezkoa dela matxismoarekin amaitzea.

Hau guztiagatik, gure konpromisoan berresten gara: oztopoz oztopo, egunez egun eta herriz herri antolatzen jarraituko dugu inolako zapalkuntzarik izango ez den gizarte bat eraikitzerako bidean. Zuei ere bertara batzeko deia luzatzen dizuegu. Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu.

Irene Martin, Tolosaldeko Itaia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!