Gutuna

Hausnarketa bat azken egunotan bizitakoaz

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea 2023ko aza. 24a, 13:45

Larramendi auzoan gertatutako ezbeharraren ondorioz, azken orduak sabelean korapilo batekin pasa ditugu. Eta egoeraren gordinean bizitu eta sentitutakoa askatu nahiko nuke, patxada gehiagoz.

Gisa honetako larrialdi baten aurrean lehen lerroan izatea tokatu zait lehen aldiz. Eta bada gertatutako guztian oso deigarria iruditu zaidan zerbait: une zailenetan elkar laguntzeko dagoen borondate eta erraztasuna.

Askotan errepikatu izan dut gustatuko litzaidakeela komunitate izaera indartu eta Tolosa elkar zaintzen duen herria izatea. Hitz potolo eta ederrak dirudite, baina azken egunotan ikusi da benetakoak ere badirela.

Kaltetutako bizilagunei nire begirunea azaltzeaz gain, eskerrak ere eman nahiko nizkieke, egoeraren tentsio eta zailtasunean, uneoro izan duten jarrera egoki eta ulerkorragatik. Ez da erraza halako egoera bati aurre egitea.

Nire aitortza ere bai, udal teknikari, arkitekto, zinegotzi, udaltzain, suhiltzaile, ertzain, ostatu eta laguntza eskaini duten gainerako herritarrei ere. Artatu, leku batetik bestera garraiatu, botikak erosi, lasaitu, informatu, hitz egin edo entzun. Alegia, modu batera ala bestera, lagundu. Talde lan horri esker, hiru ordu baino gutxiagoan bideratu zen egoera astearte gauean, eta asteazkenean egun osoan zehar jarraipena eman ondoren, familiak beren etxeetara itzuli ahal izan zuten.

Jarrera negatiboak azpimarratzen ohituagoak gauden garai honetan, jarrera positiboak nabarmentzea beharrezkoa dela  uste dut. Eskerrik asko denoi.

Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!