Larrauldar lagun,
Jakingo duzun bezala, azken aldian euskararen aurkako erasoak jasotzen ari gara, batez ere epaitegi arlotik.
Euskararen eraso honi aurre egiteko eta euskara gure ama hizkuntza defendatu behar dugula aldarrikatzeko ekimen ezberdinak planteatu izan dira azken egunotan. Ekitaldi horietako bat azaroaren 4an Bilbon ospatu zen manifestazioa izan zen. Eta manifestazio horrekin batera udalez udal mozioak aurkezteko ekimena ere izan zen.
Lehengo urriaren 27an EAJko zinegotziok, Eudelen gehiengoz onartu zen adierazpena babestu nahian, mozioa aurkeztu genuen Larraulgo udalean, euskararen aurkako 435/2023 epaia gaitzetsiz. Eudeleko puntuez gain, Ibarra jaunaren adierazpenak, desegokitzat hartu genituela azaldu genuen.
Bozkatzerako orduan iritsi zen gure harridura: PSOEk 4 ezezko (zinegotzi bat ez baitzen agertu) eta EAJk 2 baiezko, mozioaren alde. Tamalez, euskararen erasoei aurre egiteko mozioa ez zen Larraulgo Udalean onartua izan, alderdi sozialistaren aurkako lau botoengatik.
Larraul bezalako herri euskaldun batean, hau al da euskararekiko, herria ordezkatzen dutenek erakutsi behar duten jarrera? Zein arazo dago euskararen kontra ari direnean, geurea den hizkuntza defenditzeko? Egunerokotasunean, euskaraz hitz egiten duen herri bateko ordezkariak lasai egongo al dira herritarren hizkuntzaren aurkako posturak gaitzetsi gabe?
Lotsagarria iruditzen zaigu euskararen kontrako jarrera hau, baina are gehiago Larraul bezalako herri batean. Honenbestez, jakitea nahiko genuke zein egoera bizi dugun Larraulen. Larraulgo Eusko Alderdi Jeltzaleko udal ordezkariok penaz hartu dugu Larraulgo Udalak hartutako erabakia.
Horretaz gain, jakin dezazuen azaroaren 4an, gu, Larraulgo EAJko zinegotziak, Bilbon izan ginela euskararen kontrako oldarraldia gaitzesten, bai Larraulengatik eta bai euskararengatik! Eta tinko adierazten dugu herri lanean jarraituko dugula Larraulgo herritarren alde, Larraul herri euskaldun eta euskararen defentsarako herri izan dadin. Gu guztion egitekoa da, larrauldar guztion egitekoa.
Joxe Agustin Arrieta eta Maribel Vaquero, Larraulgo EAJko zinegotziak