Gutuna

Sebasen eta Josetxoren memoriari erasorik ez

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Bergara Aldaz, Sebasen senide guztien izenean 2023ko urriaren 26a

Sebas Goikoetxea Mariezkurrenak eta Josetxo Jauregi Altubek oroitarri bat dute Ibarran, Emeterio Arrese kaleko Arane iturriaren aldamenean. Hortik metro eskasetara sortu eta bizi izan zen Sebas, 1977ko martxoaren 8an Nikolas Mendizabal zaldibiatarrakin batera Itxason hil zuten arte.

Ibarrako herriak ipinia da oroitarria, bere bi semeak gogoratzeko, poliziak tiroka hil zituela ez ahanzteko. Egun seinalatuetan loreak jartzen dira eskulturaren inguruan, baita bi biktimen argazkiak eta ikurrina ere.

Errespetu handia zaio txoko honi, jende ugari igarotzen da albotik oinez. Baina joan den asteartean, hilak 24, baten batek ikurrina urratu eta gure senideen argazkiak hondatu zituela jabetu ginen. Tamalez, ez da lehendabiziko aldia. Oroigarri xume bat besterik ez bada ere, halako erasoak jasan behar izaten ditu tarteka, lehen hilerrian sarri gertatu ziren bezala.

Erasoak eraso, ez ditugu gure etxekoak ahaztuko. Eta beste behin ere, gauza bat eta bera eskatu beharrean gaude: utz ditzatela bakean behingoz.

Aintzane Bergara Aldaz, Sebasen senide guztien izenean

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!