Gutuna

Palestinar herriarekin elkartasunean, urriaren 28an Bilbora!

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Maiz, Kontseilu Sozialista Tolosaldea 2023ko urriaren 26a

Guztion ahotan dago azken egun hauetan Israel Palestinaren gainean gauzatzen ari den sarraskia. Jada 6.000 palestinar baino gehiago izan dira erailak israeldarrengandik, eta hildakoen kopuruak gora egingo duela ematen du. Azken urteetan jazo den sarraskirik handienetarikoa ikusten ari gara; eta gure muturren aurrean ikusten ari gara

Bitartean, eskuineko alderdiak Israelen alde jarri dira. Ezkerreko alderdi politikoek, aldiz, elkarrizketarako deia zabaltzen dute. Baina, zein elkarrizketa da posible ordea, bere oinarritzat genozidioa duen estatu batekin? Israelen existentzia bera, krimen zuzen bat da  palestinar herriarentzat eta Palestinarrek eskubide osoa dute erresistentziarako eta zilegi ez den estatu israeldarrari aurre egiteko. Modu horretan, ezkerreko alderdiek zuzenean edo zeharka Israel eta mendebaldearen proiektu sionista zilegiztatzen dihardute. Joan den  larunbateko irakurketa irakurri besterik ez dago, ikusteko nola plazaratzen duten diskurtsoa OTAN eta Europar Batasunarekin  bateragarria den, elkartasun mezu antzuekin nahastuta. Bertan, hiru ideia nagusi daude: bi aldeetako erasoak modu berdinean salatzea, bi bandoen arteko gerra hutsa balitz bezala; bake prozesu bati deia, bi aldeen arteko elkarrizketa eskatuz; eta Nazioarteko Zuzenbidearen mandatuak errespetatzea. Gatazkaren oinarriak zerbait ezagutzen dituenak, badaki irakurketa honek iraganarekiko egiten duen  desitxuratzea eta ahaztea.

Beharrezkoa zaigu egoera honen aurrean mobilizatzea, baina ekidistantzian eta palestinar erresistentziaren kriminalizazioan erori gabe. Hitzordu garrantzitsu bat dugu, beraz, larunbat honetan Bilbon. Palestinar herriaren askatasuna Israelgo estatuaren deuseztatzearekin erdietsiko da, eta hau aldarrikatzeko aterako gara kalera larunbat honetan 18:00etan Bihotz Sakratutik. Gure eskualdetik autobus bat antolatu da eta Raku tabernan eman daiteke izena.

Iñigo Maiz, Kontseilu Sozialista Tolosaldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!