Larramendiko umeek ez dute benetako futbol partida bat balitz bezala jokatzen. Benetako futbol partida hoberenak jokatzen dituzte. Eta batzuetan, baita munduko txapelketako finala ere! Eta irabazten duena, munduko txapeldun izaten da arratsalde osoan zehar.
Baina plazan ez da futbolean bakarrik jokatzen, bizikletan ere ibiltzen dira, Tourrean bezala, eta botellinak elkarri pasatzen dizkiote, eta baita erreleboa ere. Monopatinean ere aritzen dira saltoka eta korrika, olinpiadetan bezala. Lehen Polis y cacos deitzen genionari, orain Zombietara jolastea esaten diote, eta auzo osoan zehar ibiltzen dira harrapaketan. Eta xibarekin ere aritzen dira modan jartzen denean edo sokasaltoan edo Rubik kuboarekin.
Arkauteko zuhaitzetan gora igotzen dira eta goitik behera lokatzez beteta iristen dira etxera. Pultseratxoak egiten dituzte eta salmentan jartzen dituzte sos batzuen truke.
Umeren batek min hartzen badu, ura behar badu edo mukiak kentzeko zapi bat behar badu, beti dago helduren bat laguntzeko prest, bere seme-alaba izan ala ez. Heldu horiek beraiek izaten dira errieta egiten dietenak taldekideren bat iraindu badute edo portaera desegokia izan badute.
Bai, Larramendin jolas egiten da. Aspaldiko auzoetan jolasten zen bezala. Etxetik ogitartekoarekin ateratzen dira eta iluntzean itzultzen dira. Eta euria eginez gero, beti dago edozein etxetara igotzeko aukera, babesean jolasteko.
Zuk arriskua ikusten duzun lekuan, baloikada batek eman ahal dizulako, nik bizitzaz beteriko auzo zoragarri bat ikusten dut, non umeak, lasai jolastu daitezkeen kotxeen beldurrik gabe eta erakusleiho bat hausteko arriskurik gabe.
Umeei baloiarekin jolastea debekatzen zaienean, lasai lasai, inori enbarazurik egin gabe esertzen direnean pantaila baten aurrean, mutu, geldi, esango dugu: «Zergatik gaur egungo umeak ez dira jolasean ibiltzen?» Eta berandu izango da.
Beraz, utz ditzagun umeak jolasten. Edo akaso zuri ez al zizuten kalean jolasten uzten?