Gutuna

Elkartasuna Palestinako herriarekin! U28 denak Bilbora!

Erabiltzailearen aurpegia Manu Odriozola eta Jesus Aranzegi, Euskal Herria Sozialista-Ezker Iraultzailea 2023ko urr. 24a, 10:59

Hamarkadak dira Israelgo estatu faxista, kolonialista eta sionistak Palestinako herria jazartzen, erasotzen eta sarraskitzen duela. Gaza munduko kontzentrazio-esparrurik handiena bihurtu da: bi milioi pertsona inguru bizi dira pobrezia latzean, ezin izan dira lurraldetik irten eta etengabe bonbardaketak jasan dituzte azken urteotan, milaka hildako eraginez.

Netanyahu eta bere gobernu erreakzionarioak genozidio berri bati ekin diote. Azken egunetan 5.000 errugabe hil dira eta milioitik gora dira nolanahi ihes egin ala hiltzearen artean aukeratu beharrean daudenak. Eraso militar honek AEBen, Europar Batasunaren eta Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren babesa du.

Mendebaldeko presidenteen aldetik ikusten ari garen hipokrisiak ez du mugarik. Orain palestinar guztiak terroristak direla diotenak eta Israelgo Estatu terrorismoa justifikatzeko komunikabideak jo ta su lanean dituztenak dira, hain zuzen, okupazio militar basatia eta milioika palestinarren giza eskubideen urraketa sistematikoa ahalbidetzen dutenak. Euren politika arrazistarekin Mediterraneoa eta Europako ateak hilobi erraldoia bihurtu dituzten berberak dira. Akaso batzuen bizitzak besteenak baino gehiago balio al dute? Ez dute lotsarik, ez dugu haien propaganda irensten!

Sarraski berri honen irudiek barrenak inarrosten dizkigute eta sekulako haserrea piztu dute. Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioak benetan handiak izaten ari dira mundu osoan: New York, Chicago, Londres, Amsterdam, Paris, Madril, Bartzelona... eta arabiar mundu osoan. Elkartasun internazionalista, ezkertiar eta aurrerakoia da, zerikusirik ez duena Hamas eta bere integrismo erlijiosoa babestearekin.

Ezker Iraultzailea Palestinako herriaren lubakian gaude, bertako emakume, gizon eta haurren ondoan. Euren eskubideak defendatuko ditugu zapalkuntzarik gabeko bizitza izateko, benetako independentzia eskuratzeko, okupazioarekin amaitu eta esklabotza inperialistarik gabeko justizia soziala izatekoak alegia.

Horregatik, larunbat honetan, urriak 28, herritarrei Bilbon egingo den manifestazio nazionalerako deia egiten diegu, 18:00etan Jesusen Bihotza plazatik abiatuko dena. Palestinako gure anai-arrebak ez daude bakarrik eta ez gara besoak gurutzatuta geratuko Gazan sarraskia eta odola barreiatzen duten bitartean.

Genozidioa gelditu! Aski da! Gora Palestinako herriaren askapen borroka!
Kanpora okupazio sionista!

Manu Odriozola eta Jesus Aranzegi, Euskal Herria Sozialista-Ezker Iraultzailea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!