Gatazka sindikala sortu zenean Tolosako alkate nintzen eta garai hartan ez zitzaidan iruditu egokia adierazpenik egitea, ez bainuen negoziazio sindikala oztopatu nahi. Isilean baina, bitartekaritza lanak egiten aritu ginen. Baina, gatazka soluziobidean jarri ordez, denbora doan neurrian, oraindik eta gehiago korapilatzen ari da eta nire burua behartuta ikusi dut adierazpen hau egitera, hainbat gai argitzearren.
Udalak enpresa emakidunarekin Tolosako Kirol Ekipamenduen kudeaketarako kontratua sinatu eta gutxira (lehiaketa publiko ireki eta garden batean puntuaziorik handiena jaso zuen enpresa), kiroldegiko langileek erreibindikaziorako plataforma aurkeztu zuten. Bilerak joan bilerak etorri, eztabaidak gorabehera, puntuz-puntu adostasunetara heltzen hasi ziren hainbat puntutan. Udal Hauteskundeen aurretik, adostutako puntuak sinatzea eskatu nuen, eta era berean, irailean negoziazio prozesu berri bati ekitea, itxi gabe geratu ziren gaiak negoziatzen jarraitzeko. Eta zergatik hori? Alde batetik, hainbat puntutan akordioa lortu zutelako eta bestetik, desadostasun handiena zegoen puntuan ez zegoelako aurreratzeko abagunerik une hartan. Irailean aldiz, pleguak kuoten eguneraketa ahalbidetzeko azterketa egiteko aukera ematen zuen (eta horretarako alderdi politiko guztiak erakutsi zuten borondatea,) baina ez zitzaien langileei egokia iruditu. Nere harridurarako greba mugagabea egitea erabaki zuten, ondoriok-ondorio.
Greba mugagabea ez da egoera desiragarria inorentzat, ez langileentzat, ez enpresarentzat, ez udalarentzat, ez kirolarientzat, ez osasuna zaintzeko kiroldegira joaten diren erabiltzaileentzat, ez kiroldegiaren inguruan aritzen diren jarduerentzat. Ulertu nahi dut grebarekin, oihartzun handiagoa lortu nahi zuela ELA sindikatuak, baina, administrazioan hartzen diren erabakietan oso presente izan behar da hartzen diren neurrien proportzionaltasuna. Handia eta mingarria izan da uda sasoian kiroldegiaren itxierak izan duen eragina, eta are eta handiagoa izan daiteke oraindik udazkenean eta neguan itxita mantentzen bada. Nire ustetan, proportzionaltasun printzipioa ez da kontuan hartu.
Bitarte honetan, lurralde mailako lan-hitzarmen kolektiboa itxi da sektorean, eta honek egoera oraindik ere gehiago katramilatu du, posizioak inoiz baino urrunago baitaude.
Egoera hori izanik, udalak, logikoki irtenbideak bilatu behar ditu. Kontratua deuseztatzeaz hitz egiten ari da. Aukera bat izan liteke, baina komeni da halako neurri baten ondorio juridiko-ekonomikoak sakon aztertzea.
Tolosako kiroldegia orain arte erreferentea izan da kirol instalazioen kudeaketari dagokionez. Erabilitako kudeaketa formulak, emakida administratiboak, aukera eman du ekipamenduetan inbertsioak egiteko, kalitatezko kirol zerbitzuak eskaintzeko, kiroldegia kudeatzen zuen enpresak gehienezko etekinen kopurua zuen, eta irabazientzat ipinitako gehienezko etekinen kopurua gaindituz gero, diru sarrera horiek inbertsioak egiteko erabiltzen ziren; langileen lan-baldintzak onak ziren, horrela adierazi zidaten beti. Udal kirol ekipamenduak ustiatzeko modu eraginkor batez ari gara beraz, inbertsioak egiten jarraitzeko aukera ematen zuena, langileen baldintzak hobetik gehiago zuena okerretik baino, zerbitzu ona eskainiz.
Kontratua deuseztatuta ere, gerta daiteke hurrengo lehiaketan langileen eskaerak asetzeko aukerarik ez izatea, arrazoi juridikoak tarteko; gerta daiteke lehiaketa berrian enpresarik ez aurkeztea, egoera ikusita; eta ondorioz, herria kirol ekipamenduak luzaroan erabiltzeko aukerarik gabe geratzea. Edota, okerrenera joanda, enpresari kalte ordainen bat ordaindu behar izatea eta bide guzti honen ondoren, oraindik, korapiloa ez askatzea.
Horregatik, berriz ere eskatu nahi diet langileei eta langileak ordezkatzen dituen ELA sindikatuari Usabal irekitzeko eta negoziazio egutegi berri bat adosteko enpresarekin; eta enpresari, uda aurretik lortutako adostasun haiei eustea negoziazio berri bati ekiteko. Amore eman behar dute alde biek, herritarren interesak defendatzeko, tolosarron interesak defendatzeko, kirola baita ongizatearen adierazlerik bikainena. Tolosarrok esker onez hartuko dugu bi aldeen ahalegina.
Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkate ohia (2015-2023)