Gutuna

Egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia Remi Gogoan ekimena 2023ko uztailaren 20a

Hamalau urte igaro diren arren, 2009ko uztailaren 31k oso presente jarraitzen du amasa-billabonatarron memorian.

Egun hartan gertatu zena ezin dugu eta ez dugu ahaztu nahi.

Ertzaintzaren presio eta probokazioek Remiri bihotza leherrarazi zioten.

Herriak aukeratuta, udal ordezkari gisa lanean ari zen, Santio jaiak istilu gabe amaitu zitezen. Baina ez zuten bakean utzi.

Oraindik inork ez du azalpenik eman. Inork ez du ertzainak festa gunera bidali izanaren eta haiek izan zuten jokabidearen ardura bere gain hartu.

Hortaz, egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitzen dugu, Remiri zor zaion aitortza egiteko.

Iaz azkenean bertan behera utzi behar izan genuen omenaldia, emakumeen askatasunaren kontra izandako erasoengatik, baina aurten bai, uztailaren 31n, Remiren omenez jarritako harri ondoan elkartuko gara, iluntzeko 20:00etan. Herritar denak gurekin izatera gonbidatzen zaituztegu.

Remi Gogoan ekimena
Amasa-Villabona

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!