Eskuin espainolista labanak zorrozten ari da U23ko garaipenean pentsatuz, gerra irekia deklaratzeko ezkerreko ekintzaileei, grebalariei, independentismoari, mugimendu feministari, ekologismo antikapitalistari.
EAJk benetan atsegin du doinu hori, baina kezkatzen dituena -IBEX35eko kapitalisten sektore batzuk bezala— kaleetan aska daitezkeen gatazka sozialen ondorioak dira. Horrela beraz, argi bota du bere formula: gobernatu dezala Feijóok PSOEren babesarekin —PPk ez baitu zerikusirik Voxekin! diote— ea horrela enpresari eta bankari handiek aberasten jarraitzen duten bitartean, bake sozialak zertxobait gehiago irauten duen.
Politikaren bihurguneak krisi kapitalistak eta klase arteko borrokak markatzen dituzte. Garrantzitsuena Gobernura iristea zela zioten Podemoseko buruzagiek desastre ederra dute parean. PSOE-UP koalizio-gobernuaren hiru urteetan, kapitalistek inoiz baino irabazi handiagoak jaso dituzte, ahal duten guztia egin da izugarri pobretu den langile klasea desmobilizatzeko eta erreakzioaren indar politikoak burua altxatu eta faxismoaren programa klasikoa aldarrikatzera datoz.
Horiek dira sistema kapitalistaren logikari men egitearen eta kaleak husteko patronalaren eskakizuna onartzearen ondorioak. Podemosen edo Kataluniako ERCren egoera ohar benetan garrantzitsua dira etorkizunean hauteskundeetan babesa zabaldu dezakeen EH Bildurentzat. Eskuina Moncloara iristen bada, langile mugimenduaren eta gazteriaren aurkako ofentsiba basatia izango da, eta ez dute ezertarako balioko jarrera parlamentario eta instituzionalek. Azaroaren 30erako deitu den greba orokor feministari jarraipena emango dioten kaleetako mobilizazio bateratu eta indartsuen estrategia da bide bakarra.
Borrokarako sindikalismoa behar dugu, klaseko feminismo iraultzailea, eta sistema kapitalista zalantzan jarriko duen antifaxismoa. Eta hori sozialismoaren alde egiten duen eta jabetza kapitalista, monopolio handiak eta bankuak desjabetzeko beharra konplexurik gabe defendatzen duen programa batekin bakarrik da posible. Horixe da gizartearen gehiengoaren arazo larriei erantzuteko eta hondamendi klimatikoa geldiarazteko bide errealista bakarra. Sozialismoa ala basakeria!
Manu Odriozola
Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialistako kidea