Indarrean dagoen legedian eta udal langileon lan baldintzak arautzen dituen Udalhitz hitzarmeneko 17.1. artikuluan argi eta garbi jartzen du: «Lan-egutegia dagokion erakundean prestatuko da, langileen ordezkariekin aldez aurretiko akordioa lotu eta gero». Non dago negoziazioa? Non akordioa?
Negoziazio mahaian ez zen akordiorik lortu, negoziatzera eseri orduko udal taldeak argi utzi zuelako bere proposamena izango zela gaindituko ez zuen marra gorria eta ez zuelako inolako onurarik planteatu negoziaziorako. Beraz, langileek eskatu zioten alkateari gaia mahai gainean uzteko, hurrengo korporazioarekin landu ahal izateko, baina kasurik egin ez eta maiatzaren 25eko plenoan onartu zuten egutegia, langileen eskaerari muzin eginez.
Horrelako erabaki bat hauteskundeak baino hiru egun lehenago hartu zuten, korrika eta presaka, eta administrazioko prozedurak behar bezala bete gabe. Izan ere, plenoaren bezperan egin zuten Pertsonal batzordean erabaki zuten udalbatzari proposatzea langileen egutegia mahai gainean uzteko, hurrengo korporazio berriarekin negoziatzeko. Baina plenoan ez zuten batzordean adostutakoa bete, oposizioaren harridurarako, eta beraiek nahi izan zuten egutegia inposatu zuten, besterik gabe.
Inposizio horren aurrean, langileon gehiengoak gure desadostasuna eta gaitzespena azaldu nahi dugu eta udal talde horren jarrera irmoki salatu, onartutako egutegiak hankaz gora botatzen baititu aurreko hainbat urtetan lortutako akordioak. Hori al da udal taldeak negoziaziotzat ulertzen duena? Non dago udal taldeak bere ezaugarritzat aldarrikatzen duen demokrazia? Non dago langileon aldeko eskubideen borroka? Benetan lotsagarria.
Horiek horrela, langileon asanbladak erabaki du orain funtziotan den udal talde horrekin ez eztabaidatzea, eta are gutxiago negoziatzea, langileekin zerikusia duen gairik; esaterako, langileen lan jarduna erregulatzeko jarraibideak.
Bukatzeko, adierazi nahi dugu langile guztiak prest eta gogotsu gaudela egoera enkistatu hau udal talde berriarekin batera bideratzeko eta, benetako negoziazio baten ondoren, langileon egutegia eta lan jardunerako jarraibideak adosteko.
Idoia Olano (langileen ordezkaria) eta Anoetako udal langileen gehiengoa
Anoeta